Aquariumeko igogailua bi astez itxiko dute
Aquariumaren ondoko igogailu publikoan mantenu lanak egingo dituzte, eta, horregatik, astelehenetik aurrera (hilak 13) itxita egongo da, bi astez. Zehazki, solairu guztietako eta kabinako ateak aldatuko ditu udalak, 29.295,69 euroko aurrekontuarekin.
Udalak gogorarazi du Kaiarriba plazatxoa eta Jacques Cousteau plaza lotzen dituen igogailua 2008an ireki zutela, eta nabarmendu du ordutik “asko sufritu” duela: “Batez ere, ateen sistemak. Izan ere, itsasertzetik oso gertu kokatuta dagoenez, kresalak nabarmen eragiten dio”. Hain zuzen ere, horregatik aldatuko dituzte ateak.