Atristainen defentsak hiru bide ireki ditu, Espainiako Estatuak Estrasburgoko epaia bete dezan
Xabier Atristainen abokatu Zigor Reizabalek prentsaurrekoa eskaini du Donostian, emango dituzten hurrengo pausoen berri emateko.
Espainiako Auzitegi Gorenak Estrasburgoko epaiari men ez egitea erabaki eta Xabier Atristain preso donostiarra berriz espetxeratu ostean, haren abokatu Zigor Reizabalek agerraldia egin du ostiralean Donostian, eta iragarri du hiru bide ireki dituztela, Espainiako Estatuak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaia bete dezan.
Alde batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalean eskatu dute Atristain “libre gera dadila berriro, Europako sententziaren betearazpena erabakitzen den bitartean”. Bestetik, Gorenari eskatu diote “bere autoa deuseztatzeko”. Kasu honetan, Gorenak eskaera onartuko ez balu, Atristainek Auzitegi Konstituzionalera jo beharko luke babes bila, Reizabalek azaldu duenez. Hirugarrenik, Europako Kontseiluko Ministro Komiteari eskatu diote “ahal dituen neurriak hartzeko, egoera konpondu dadin”.
Otsailean aske, ekainean espetxera
Atristain otsailaren 17an atera zen Martuteneko espetxetik, behin-behinean aske gelditu ostean. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an ebatzi zuen Espainiak “prozesu justu eta ekitatezkoa” izatea eragotzi ziola, inkomunikatuta izan zutenean ez ziotelako konfiantzazko abokatu bat aukeratzen utzi, ezta ofiziozkoarekin modu konfidentzialean hitz egiten utzi ere. Horrela, Espainiako Auzitegi Nazionalak donostiarraren zigorra etetea erabaki zuen, Auzitegi Gorenak Estrasburgoko sententziaren inguruko ebazpena atera bitartean.
Urtarrilean, Estrasburgoko ebazpenaren berri izan zutenean, defentsak helegitea aurkeztu zuen Gorenean, Estrasburgoko sententzia bete zedin. Hain zuzen ere, zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen donostiarraren abokatuak, eta hala egitea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak, behin-behinean. Ordea, hilaren 1ean, Gorenak erabaki zuen ez zuela Atristainen zigorra berrikusiko, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen hurrengo egunean; Estrasburgoren arabera zigorraren hamazazpi urteetako hamaika modu injustuan egin baditu ere (ia hiru laurdenak), Martuteneko espetxean dago orain.
Reizabalek nabarmendu du Espainiako Estatuak Estrasburgoko epaia bete behar duela: “Hitzarmenaren 46. artikuluaren arabera, alde kontratugile guztiek Estrasburgoko auzitegiaren behin betiko sententziak betetzeko konpromisoa hartzen dute, eta estatuek haien jarrera sententzia horietara moldatu behar dute”. Era berean, azaldu du Europako hitzarmena urratu dela dioen sententzia baten ondoren, estatuek hartu behar dituzten neurriak bateragarriak izan behar dira epai horrek dioenarekin. Horrez gain, abokatuak esan du Atristaini eragindako kalte moralak erreparatu behar dituela: “Ez gaude ustezko urratze baten aurrean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berretsitako urratze bati buruz ari gara hitz egiten. Beraz, estatuaren ardura da hauste horrek eragindako kalteak erreparatzea, eta hori egiteko betebehar juridikoa du”.
Abokatuaren aburuz, Gorenak “mina biderkatu du, Atristain jaunari sufriarazten ari zaio, eta dirudienez kalte moral hori pairatzen jarraitzeko erabakia hartu du”. “Nola da posible estatu bat kondenatua izatea, eta erabakiari men egin beharrean, kalte hori eragiten jarraitzea?”, gaineratu du.