Herrera ikastetxea, 70 urtez auzoko haurrak familia giroan hezten
1952an inauguratu zuten Herrera ikastetxea, duela 70 urte. Garai hartan, auzoko eraikinik aurrerakoiena zen. Bere ibilbidean zehar, auzoko haurrak hazten ikusi eta hainbat sari eskuratu ditu, eta, batez ere, gizartearen aldaketetara moldatzeko lan handia egin du.

Donostiako ikastetxe publikoen artean, zaharrenetarikoa da Herrera ikastetxea. 70 urte bete ditu aurten, eta ikastetxearen ibilbidea errepasatzeko elkartu dira Mertxe Gil, Herrera ikastetxeko heziketa bereziko irakaslea eta zuzendari ohia, Lourdes Vega, zuzendari eta irakasle ohia, eta Enara Saralegi, ikasle ohia.
“Herrera ikastetxeak sekulako arrakasta izan zuen sorreran. Auzoan baserri batzuk bakarrik zeuden, eta 1946an ikastetxeko lehenengo harria jarri zuten. Aurkitu dudan libururik zaharrenean 1952an inauguratu zutela jartzen du. Ikastetxeak ate asko ditu, eta bi eskailera. Izan ere, hasieran, neskak ate batetik sartzen ziren eta mutilak beste aldetik. Klaustroak ere desberdinak ziren, 1972-1973 ikasturtean elkartu ziren arte”, azaldu du Gilek.
Gaur egun Herrera ikastetxea izena badu ere, hasieran Romualdo de Toledo izena zuen. Romualdo de Toledo Lehen Hezkuntzako zuzendari nagusia izan zen 1938 eta 1951 urteen artean, eta Estatu mailan hainbat ikastetxe omen daude izen berarekin. “1975-1976 ikasturtean, ikastetxeko Jose Antonio Tapiz zuzendariak Romualdo de Toledo izeneko ereserkia egin zuen. 2018an, Donostiako Udalaren Musika Eskolak egoitza bat jarri zuen eskolan, eta ikasleek ereserkia birmoldatu zuten, danborradarako abesti berezia egiteko. Gainera, aurten, LH5. mailako ikasleek bertsolaritzako klasean letra jarri diote. Leihoak mundura izena du abestiak, hori baita gure eskolako leloa”, azpimarratu du Gilek.
1980an jarri zioten Herrera izena ikastetxeari, eta handik bost urtera, 1985ean, elebidun bilakatu zen. “1991ean bi urteko haurrak hasi ziren ikastetxera etortzen. Ni 1982an hemen lanean hasi nintzenean, lau urteko umeak ziren txikienak”, gogoratu du Vegak.
1993an Bihotsu saria eman zion ikastetxeari Eusko Jaurlaritzak, ingurumenaren inguruan egiten zen lanagatik. Saria 1.000.000 pezetakoa izan zen. “Sekulakoa izan zen sari hori. Lortutako diruarekin ikasleen irteerak ordaindu genituen, eta txango hobeak egitea lortu genuen, diru gehiago genuelako horretarako”, oroitu du irakasle ohiak. Horrez gain, Gipuzkoa Kirola saria ere eskuratu zuten 2004an. “Ia ikasle guztiek egiten zuten kirolen bat, eta hori baloratu egiten zuten. Gorputz hezkuntzako klaseetan ere, eskalada, hockey-a, eskrima, mendi irteerak eta beste zenbait kirol egiten zituzten”, azaldu du Gilek.
“Mendi irteerak larunbatero egiten genituen Felipe irakaslearekin”, gogoratu du Saralegik. Ikasle ohia izateaz gain, irakaskuntzako praktikak ere Herrera ikastetxean egin zituen berak. Ikasle izatetik irakasle izatera igaro den arte, familia giroaren kontzeptua aldatu dela nabaritu du Saralegik. “Lerro bakarreko ikastetxea da Herrera, eta oso talde txikia ginen, familia moduko bat. Kalean ikusterakoan, elkar ezagutzen dugu oraindik. Hori da garai batekoaren eta gaur egungoaren arteko desberdintasun handiena. Gure taldea hamabi edo hamairu pertsonak osatzen genuen, eta gaur egun, eskola batzuetan gelak 25 pertsona ingurukoak dira. Gainera, irakasleekin ere gaur egun beste harreman bat dagoela uste dut. Lehen, harremana estuagoa zen”, azaldu du Saralegik.
Obren eragina ikastetxean
2006an ikastetxearen inguruan obrak egin zituzten. Besteak beste, frontoi berria eta etxeak eraiki zituzten. “Horrekin batera, auzora jende gehiago etorri zen bizitzera, eta, ondorioz, ikastetxean ere haur gehiago matrikulatu ziren. Hasieran, ikasle etorkinak tantaka etortzen ziren, baina gaur egun askoz gehiago etortzen dira. Aita eta ama euskaldunak dituzten haurrak oso gutxi dira gaur egun. Guztira 200 ikasle inguru ditugu, gehienak auzoan bizi dira, baina bi gurasoak euskaldunak dituztenak oso gutxi dira”, azaldu du Gilek.
Gizartea aldatzen denean, eskola ere aldatu egiten da, baina hori ez da gaur egungo kontua bakarrik: betidanik izan da horrela. “Ikastetxeak 50 urte bete zituenean, festa bat egin genuen, eta ikasle ohi ugari bildu ziren hemen. Adineko pertsonak ziren dagoeneko, eta niretzat oso bitxia izan zen, izan ere, oso gauza berezi batez gogoratzen ziren. Beraiek hemen ikasten zutenean, 1952an, inguruko etxeek ez zuten komunik, eta ikasleek izugarri baloratzen zuten ikastetxeak komunak izatea, haien etxeetan ez zegoelako halakorik. Informazioa bilatu dugu, eta garai hartan Herrera ikastetxearen eraikina oso aurrerakoia zela dirudi”, azaldu du Vegak.
70. urteurreneko festa
Datorren ostiralean, ekainaren 17an, egingo dute Herrera ikastetxearen 70. urteurreneko festa. Ikasleek ereserkia abestu, kontzertua eskaini, eta kartoizko tarta erraldoia eraikiko dute, besteak beste. “Maila bakoitzean tartaren pisu bat egiten ari dira. Egun horretan, maila bakoitzeko haurrek tartaren pisu bana jarriko dute frontoian. Sei metroko zabalera eta hiru metroko altuera izango ditu, eta ikasleek egindako kandelak jarriko dizkiogu. Ospakizun gogoangarria izango da”, esan du Vegak.