Hitz egiteko prest agertu dira AZGA eta Kontseilu Sozialista
AZGA-k auzoko eragile guztien mahaia osatzera deitu du, eta Kontseilu Sozialista ezker abertzalearekin negoziatzeko prest dago.

Joan den asteko asteartetik larunbatera, liskar handiak izan ziren Alde Zaharreko Gazte Asanbladako (AZGA) eta Mugimendu Sozialistako (MS) kideen artean, eta tentsioa areagotzen joan zen Donostiako Parte Zaharrean. Horregatik, AZGA-k agerraldia egin zuen astelehenean Trinitate plazan, “gertakarien berri emateko eta egoera jasangaitz honi aterabide erreal bat emateko”. Donostiako Kontseilu Sozialistak ere agerraldia egin zuen egun berean, Miramongo Anfiteatroan, eta “ezker abertzalearekin negoziatzeko prest” daudela esan zuen, baldin eta “betoak”, kentzen badizkiete.
Agerraldian egin zuten irakurketan, “egoera guztiz kontrolez kanpo” dagoela aitortu zuen AZGA-k, eta, horregatik, “bere garaian sortu zen auzoko eragileen mahaian biltzera” deitu zuen: “Ildo sozialista barne, arazo larri honi irtenbide bat emateko asmoz”. Gazte asanbladak hedabide honi azaldu dionez, eragileen bilera hori datorren astean egiteko asmoa dute. Bestalde, MS-k IRUTXULOKO HITZAri baieztatu dio “prestutasun osoa” dutela “hitz egiteko eta tentsioa baretzen laguntzeko, horretarako baldintza politikoak betez gero”. Hala ere, uste dute elkarrizketak ez direla Parte Zaharrera mugatu behar: “Gauza batzuk auzoan konpondu daitezke, baina beste gauza batzuk harago doaz, eraso orokorragoak dira eta: propaganda kentzea, txosnetako beto politikoak, eta abar”.
Kijera gaztetxetik Ikatz kalera
Liskarrak joan den asteko asteartean hasi ziren, auzoko MS-ko kide batzuk Kijera gaztetxe ohian zegoen materiala hartzera joan ziren egunean. AZGA-ren arabera, MS-koek eurena ez zen materiala “lapurtu” zuten. Horren harira, Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) ostegunean adierazi zuen material horrek hiru urte zeramatzala erabili gabe gaztetxea desalojatu zutenetik, alegia, eta orain arte “beste eragile batzuei” ez zaiela materiala hartzeko oztoporik jarri. Material horren harira, liskar handiak izan ziren bi aldeetako gazteen artean, eta gazte asanbladak agerraldian nabarmendu zuenez, “ukaezina da jarrera desegokiak izan zirela hainbat kideren partetik”.
Ordea, larunbatean liskarrak izan ziren berriz ere Parte Zaharrean, AZGA-ko eta MS-ko kideen artean; zehazki, bi borroka izan ziren. 20:30ak aldera izan zen lehena, eta gauerdian bigarrena. Tartean, beste herri batzuetatik etorritako MS-ko hainbat kide izan ziren. Gazte asanbladak salatu zuen “eraso hauek aurrez antolatuak” izan zirela, “ildo sozialistako 40 bat militante kalearen bi muturretatik” sartu zirelako. GKS-k, igandean plazaratutako komunikatuan, ukatu egin zuen “lintxamendu bat” egon izana, euren arabera, “borrokaldi tipiko bat” izan baitzen.
Ondoren, AZGA-ko kide batek GKS-ren arabera, Jarki erakundeko militantea MS-ko kide bat bere etxeko atarian jipoitu zuen. AZGA-k nabarmendu du ez duela “horrelako erasorik inoiz babestuko”, eta, horregatik, kide hori gazte asanbladatik “kanporatua” izan dela eta “bere gain hartu duela erantzukizun osoa”. Ildo horretatik, “ildo sozialistak ere auzotarren aurka erasoak burutu dituzten pertsonekiko jarrera bat hartu beharko lukeela” deritzo AZGA-k.

Kontseilu Sozialistak Miramongo Anfiteatroan egin zuen 200 militantetik gorako agerraldia astelehenean, aurretik deialdi publikorik egin gabe. (Argazkia: Kontseilu Sozialista)
«Ez da beto politikorik ezarri»
MS-k lehenengo unetik salatu du ezker abertzalearen eta Jarkiren kontrolpean dagoela AZGA, eta beto politikoa ezarri diotela MS-ri. Ordea, hori “gezurra” dela salatu zuen AZGA-k, baita ezker abertzalean eta Jarkin “egituratuta ez dauden” AZGA-ko militanteak “gutxiesten” dituela deitoratu ere. “Ildo sozialistak asanbladaren aurka burutu zuen erasoaren ondorio izan da kanporaketa”, gaineratu zuen AZGA-k.
“Auzo hobe baten alde borrokatzeko» asmoa berretsi zuen AZGA-k: «Errespetuan oinarritutako espazio seguruen, pluralen eta parte hartzaileen alde egiten jarraituko dugu, beti ere, auzoaren eta auzotarron mesedetan”.
MS, negoziatzeko prest
Kontseilu Sozialistak ikuspegi nazionaletik heldu zion aferari astelehenean, eta EH Bildu eta Sortu alderdi politikoak jo zituen egungo egoeraren erruduntzat. Euren arabera, MS sortu zenetik, bi alderdi horiek “bere existentzia ukatzen eta suntsitzen” saiatu dira. Ildo horretatik, Donostiako istiluez gain, Hernanin, Lazkaon, Gasteizen eta Lesakan txosna guneen harira izandako gatazkak gogorarazi zituzten. Larunbateko liskarren inguruan, esan zuten euren militanteen “lintxamendu bat saihestu” zutela, “besterik ez”. Era berean, ezker abertzalea “mugimendu sozialistaren aurkako intoxikazio kanpaina” egiten ari dela salatu zuten.
Horrela ere, “ezker abertzalearekin negoziatzeko prest” daudela nabarmendu zuten, “marra politiko” batzuk errespetatuz gero. “Militanteen segurtasuna, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea eta finantzatzeko eskubidea” dira “marra politiko” horiek. “Gure antolakunde eta militanteen aurkako erasoek jarraitzen badute, komunismoaren aurkako kanpaina zikinak jarraitzen badu, EH Bildu eta Sortu alderdiak udan sortu daitekeen agertokiaren erantzule egiten ditugu”, gaineratu zuen Kontseilu Sozialistak.