Izaro, Ariel Rot & Kiko Veneno eta Zetak Saguesen ariko dira Aste Nagusian
Aste Nagusia bere horretan itzuliko da aurten Donostiara, eta Saguesko kontzertuak iragarri ditu dagoeneko udalak: Izaro, Ariel Rot & Kiko Veneno eta Zetak izango dira kartelburuak. Horrez gain, La M.O.D.A., Mitic el espectaculo, Ana Guerra, Green Valley eta Gatibu ere igoko dira Saguesko oholtzara. Pello Reparazek 2020an botatako erronkari “eutsi” egin diola adierazi du Jon Insausti Kultura Zinegotziak: “Akelarreetan topatuko gara zioen Pellok”, eta udalak, “akelarre” itzela antolatu duela dio Insaustik.
Izaro izango da kontzertua eskaintzen lehena, abuztuaren 13an joko baitu, Aste Nagusia irekitzeko. “Hiriko leku esanguratsu guztietan jo ostean”, Insaustik uste du plaza hau “falta” zitzaiola Izarori. La M.O.D.A.ren txanda izango da 14an, Ariel Rot & Kiko Veneno igoko dira oholtzara 15ean, Zetak 16an, Mitic el espectaculo 17an, Ana Guerra 18an, Green Valley 19an eta Gatibuk itxiko du Saguesko Aste Nagusiko programazioa, 20an. Artisten erdia, gutxi gorabehera, 2020ko Aste Nagusian ziren jotzekoak.
Insaustik jakinarazi duenez, 2020ko urtean aurreikusita eta hitzartuta zeuden taldeak ziren Izaro, Gatibu, La MODA eta Green Valley, eta hitzartutakoa betetzen konprometitu direla adierazi du.
2020ko kartela
Aste Nagusiko kartela ere aurkeztu du Jon Insausti Jaietako zinegotziak, eta 2020ko kartelen lehiaketa irabazi zuena da. Izan ere, 2020an, pandemiaren ondorioz, ezin izan zutenez erabili. Cristobal Aguilo Dominguez da egilea, plastilinarekin lan egiten duen artista. Aurtengo kartelean, berezitasun gisa, piratak agertzen dira, Donostiako Piratei keinu eginez.