Kontxa inguruko lanengatik zirkulazio aldaketa esanguratsuak egingo dituzte datozen bi astetan
Donostiako Udalak Kontxa inguruko lanek eragingo dituzten zirkulazio aldaketa guztien berri eman du. Datozen egunetan hasiko dira Zubieta kaleko zirkulazioaren norabidea aldatzeko lanak, Urbieta eta Arrasate artean. Aldiz, San Bartolome kalea zabalik dago behin-betiko norabideekin –sarrera San Martinekiko bidegurutzetik–, eta baita ere San Martineko zeharkako kaleak ere, Marina izan ezik.
Astelehenean, hilaren 13an, Arrasate kaleko aparkalekuak hesituko dituzte, autobusen behin-behineko trafikoa eta geltokiak ahalbideratzeko. Fase horretan, Zubieta plazako urbanizazioa egingo dute, baita Triunfo kalea zeharkatuko duen bidegorria ere. Ondoren, laugarren fasera pasako dira lanak, eta San Martin itxiko dute, Kontxa eta Urbieta kalearen bitartean. Era berean, Manterola kalea itxiko dute, Arrasate eta San Martin artean. Easo eta Kontxa arteko bidegorria ere aldatuko dute, eta behin-behinean San Bartolome eta Triunfotik egingo da.
Aldaketa horiek pixkanaka egingo dituzte, eta lanen aurrerapenen arabera. Datek aldaketak izan ditzakete, obraren erritmoaren arabera. Egun horietan, baimendutako ibilgailuei baino ez zaie utziko gune horretatik sartzen: garajeetara sartzen eta inguruko saltokien beharrei erantzuten. Udalak inguruan ez aparkatzeko eskatu die kaltetutako eremuetako bizilagunei. 1-2 TAO eremuko egoiliarrek ekainaren amaierara arte aparkatu ahal izango dute gainerako guneetan.
Datorren astean
Hilaren 16tik 21 bitartean, San Martin itxi egingo da Kontxa eta Urbieta artean. Baimendutako ibilgailuei –San Martinera– soilik utziko diete Kontxatik sartzen. Zubieta kalea bi zatitan banatuta dago: bata, Kontxa pasealekuarekin bat egiten duen tokitik Arrasate kaleraino, eta bestea, Arrasatetik Urbietaraino. Kontxa eta Arrasate arteko zatiak –Zaragoza plaza– norabide bikoitza izango du, eta Arrasatetik –Zaragoza plaza– Urbietara doanak noranzko bakarra izango du.
Alternatiba gisa, Erdialdetik Antiguara edo alderantziz joan nahi duten ibilgailuei Pio Baroja – Izoztegi erabiltzea gomendatzen zaie. Ibilbide hau ere egin ahal izango da: Erdialdera Antiguatik –Mirakontxa – Zubieta – Urbieta– eta Antiguara Erdialdetik –Arrasate – Zubieta – Kontxa–. Horrez gain, Manterola kalea itxiko dute, Arrasate eta San Martin artean. Baimendutakoak Arrasate kaletik soilik sartu ahal izango dira.
Hilaren 21etik aurrera
Aipaturiko lanen fasea bukatuta, Erdialdean beste aldaketa batzuk egingo dituzte hilaren 21etik aurrera. Marina eta Arrasate izan ezik –itxi egingo dira–, gainerako kaleek zirkulazioaren behin-betiko norabideak izango dituzte: San Martin, Zubieta, San Bartolome eta San Martinerainoko zeharkakoak: Lersundi eta Triunfo. Bosgarren faseari ekingo zaio, Arrasate eta Marina kaleak itxi egingo dira, norabideak aldatu ahal izateko.
Bidegorriari dagokionez, Easo eta Kontxa arteko bidegorria aldatuko dute, San Martin eta Triunfotik behin-betiko lotura eginez. Horrekin batera, San Martinetik abiatzen den bidegorria aldatuko dute, La Perla ingurua Easo eta Urbietarekin lotuz.