Luisitok eta Luisitak jai giroan murgilduko dute Herrera bi astez
Hurrengo ostegunean izango da Herrerako San Luis jaietako txupinazoa, baina horren aurretik ere askotariko jarduerak egingo dituzte auzoan. Gaur hasiko dira jaiak, bolo txapelketarekin, eta hilaren 23an amaituko dira, San Joan bezperan.

Aspertzeko tarterik ez da izango hurrengo bi asteetan Herreran, bi asteko egitarau zabala prestatu baitute San Luis jaietarako, gaurtik hilaren 23ra. Txupinazoa datorren asteko ostegunean, hilaren 16an, izango da, baina ordura arte ez dira geldirik egongo.
Gaur arratsaldean hasiko dira erritmoa hartzen, auzoko bolatokian egingo duten bolo txapelketarekin, baina bihar murgilduko dira benetan jaietan, egun osoko egitarauarekin. Hain zuzen ere, goizean mutilen zein nesken pala txapelketak izango dira nagusi, eta ez dira faltatuko hamaiketakoa, angelusa eta kalejira. Palak gosea emango die Herrerakoei, ziur, eta bazkari musikatua egingo dute eguerdian horregatik.
Festak ez du etenik izango arratsaldean: Xixurkil trikitixa taldeak ikuskizuna eskainiko du bazkalostean, eta sardina jana eta urdaiazpiko mozketa egingo dituzte iluntzean. Segidan, Larratxoko jaietara igoko dira, Larratxo “berreskuratzeko”.
Euren burua kontrolatu beharko dute Herrerakoek Larratxon, etzi goizean goiz mendira joango baitira, eta pilota txapelketako finalak izango dituzte 10:00etan. Hamaiketakoa egin ondoren, txapelketako sariak banatuko dituzte eta deskantsatzera joango dira, oraindik jai luzeak izango dituztelako aurretik.
Txupinazoa, ostegunean
Astelehenetik asteazkenera haurren eta helduen danborradaren eta San Joan soka dantzaren entseguak egingo dituzte, eta ostegunean hasiko da jaien zatirik indartsuena, 19:00etan egingo duten txupinazo eta pintxo pote elegantearekin.
Ostiralean, haurren eta helduen danborrak girotuko du auzoa arratsaldean, eta gauean iritsiko da aurtengo jaietako ekitaldi esanguratsuenetako bat: Su Ta Gar, Potato eta Dantzall Sound taldeek joko dute. Askorentzat, gaua luzea izango da.
Horrela ere, larunbaterako indarrak gordeko dituzte, ziur, egun osoko egitaraua izango baitute aurretik. Denetarik izango dute: haurrentzako jarduerak, paella lehiaketa eta jana, haurren txupinazoa, garagardo eta saltxitxa dastaketa, gazteen Olinpiar Jokoak, sardina jana, kontzertuak eta gaueko ordu txikietako mozkor jokoak, besteak beste.
Hori guztia gutxi balitz, igandean Euskal Jaia egingo dute, 2020an zendutako Luis Garin Luisito auzokidearen omenez. Ohiko Boilur Azoka, Marianito Festa eta Luisitori egingo dioten omenaldia dira igandeko jarduera esanguratsuenak.
San Luis eguna, 21ean
Hilaren 21eko San Luis egunerako ere egun osoko egitaraua prestatu dute Herrerakoek, eta asteartea izanda ere, jai giroan murgilduko dira. Besteak beste, hamaiketakoa, herri bazkaria eta dantzaldia izango dituzte, jaien azken txanpan sartzeko.
Auzoko haurrak zein helduak Nido tabernako futbolinean arituko dira 22an, eta San Joan bezperan amaituko dituzte jaiak: trikipoteoa lehenengo, herri afaria eta San Joan sua ondoren, eta zezensuzkoa eta azken traka gauean. Parrandazaleek azken eguna ere luzatzeko aukera izango dute, jaiak Luisitok eta Luisitak itxiko baitituzte, DJ lanak egiten. Hori ikustekoa izango da!