"Pertsona gorren arazoa ikusezina da"
Egia Zeinuka taldea Egian sortu zen duela bost urte, auzoko pertsona gorren bizitza errazagoa bihurtzeko asmo eta ilusioarekin. Auzo inklusiboagoa dute helburu, eta, horretarako, entzuleak diren pertsonak keinu hizkuntza ikasten ari dira, pertsona gorrekin komunikatu ahal izateko. Eskoletara joaten dira, hiru hilabetean behin keinu-potea egiten dute, eta, aurten, lehenengo aldiz, Keinu Hizkuntza eguna antolatu dute gaurko. 17:00etatik aurrera, egitarau zabala prestatu dute Egiako Plaza Haundin, eta interesa duen oro gonbidatu dute bertara.
Nola sortu zenuten Egia Zeinuka taldea?
Miren Tolosa (M.T.): Egitasmoa duela bost urte sortu zen, auzoko ume gor batek ez zeukalako bermatuta auzoko ikastolan ikasteko eskubidea. Orduan, Alaitz keinu hizkuntza ikasten hasi zen, gero heldu batzuk ere bai, eta olatua zabaltzen hasi zen. Horrela, auzoko gorren errealitatea ezagutzen joan gara.
Alaitz de Sosa (A.S.): Bai, hasieran zerbait itxia zen, ikastolan lanean ari ziren langileak hasi zirelako: jangelakoak, irakasleak, eta beste hainbat. Ondoren, inguruko haurrak ere hasi ziren, berarekin komunikatzeko aukera izateko. Egia esan, haur horrek ikasteko eskubidea ez zeukala bermatuta jakin genuenean, pixka bat haserretu ginen, eta horrela hasi zen guztia.
Zein jarduera egiten dituzue?
M.T.: Keinu hizkuntzako eskoletara joaten gara, eta hiru hilabetean behin, oporren aurretik, keinu-potea egiten dugu. Gure irakaslea gorra da, eta berak deialdia zabaltzen die bere inguruko gorrei. Horrela, gorrak etortzen dira keinu-potera eta gurekin mintzapraktika egiten dute. Oso arrakastatsua da, azkena duela bi aste egin genuen, eta jende mordoa elkartu ginen. Ikasleok ere, ikasturte amaiera denez, jabetu ginen askoz gehiago menperatzen dugula orain keinu hizkuntza.
A.S.: Gure bizi estiloa poteoarekin lotuta dago, eta ideia ona iruditu zitzaigun klaseetan ikasten duguna praktikan jartzeko. Ez dira gauza bera asteazken arratsalde batean besterik gabe mintzapraktika egiteko geratzea eta keinu-potean hori lantzea [barrez].
Nola finantzatzen duzue proiektua?
M.T.: Diru aldetik, nahiko egoera prekarioan ibili izan gara. Eskolak bultzatzeko diru kopuru bat ziurtatuta izan behar dugu, izan ere, ikasturte osorako irakasle batekin konprometitzen gara. Hala ere, aurten diru laguntza bat lortu dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Horrekin diru kopuru bat pilatu ahal izan dugu, eta lehenengo aldiz Keinu Hizkuntza eguna ospatzea erabaki dugu. Honekin batera, aipatu behar da kultur etxearekin ere sekulako harremana dugula. Bertako gela bat uzten digute, doainik, eskolak emateko, eta oso jarrera ona dute gurekin.
Zer motatako jendea joaten da eskoletara?
A.S.: Eskoletara pertsona entzuleak joaten gara. Asko zabaltzen joan da gure inguruan, batak besteari ematen diolako proiektuaren berri, eta gero eta jende gehiago ari da animatzen. Gainera, Gabonetako oporretan ikastaro trinkoa egin dugu aurten. Berez, astean ordubete egiten dugu, baina batzuei ez zitzaien ondo etortzen bakoitzak bere bizitza duelako, eta jendea prest zegoen oporretan egun batzuk jarraian eskoletara joateko. Egia esan, sekulako arrakasta izan zuen.
M.T.: Ikasleen profilari dagokionez, adin guztietako jendea etortzen dela esango nuke. Helduen kuadrillako sei pertsona inguru gaude, gazteak ere bai, hezkuntza arloan lan egiten duen pertsona bat baino gehiago, eta Egiakoa edo Donostiakoa ez den jendea ere bai. Datu kuriosoa da, izan ere, 30 ikasle baino gehiago gara, eta bi baino ez dira gizonezkoak. Horrez gain, aurtengo berrikuntza gisa, Lauaizeta ikastetxean DBHko ikasleak keinu hizkuntza ikasten hasi dira eskolaz kanpoko jarduera gisa, eta hori ere arrakasta itzela izaten ari da
Zenbat pertsona gor daude Donostian? Ba al duzue Egiako daturik?
M.T.: Egia esan, ez gara dokumentatu, baina lehengoan gor batek kontatu zuen Euskal Herrian zenbat diren, eta izugarri iruditu zitzaizkigun. Ez naiz ausartzen esatera zenbat ziren, kopuru handia zelako eta hanka barruraino sar dezakedalako. Baina Egian, guk dakigula, gorrak diren hiru pertsona heldu daude, eta baita ume bat ere. Helduetako batek, Isabelek, ez dauka inplanterik eta 50 urte daramatza Egian bizitzen.
Beraz, Egia Zeinuka sortu arte, auzoan bizitzea pixka bat zailagoa zen beraientzat, ezta?
A.S: Saltokietara joateko, adibidez, beraiek bakarrik moldatu behar izaten dute. Hau da, inork ez du inoiz ahaleginik egin errealitate horretaz kontziente izateko. Ingelesez, adibidez, edozein komertziotan hitz egin dezakezu, edo kontratatzeko edozein tokitan eskatzen dizute. Baina pertsona gorren arazoa ikusezina da, ezin delako jakin gorrak direla lehen begi kolpean, eta ez delako hain bisuala gurpildun aulkian eserita doan pertsona bat bezala. Pentsa ze arazo dituzten medikuarengana joateko, taberna batean zerbait eskatzeko, edo edozertarako. Horregatik, duela urte batzuk oinarrizko informazioa zekarren liburuxka bat sortu genuen, eta auzoko tabernetan eta komertzioetan utzi genuen. Agurrak, zenbakiak, kafea, garagardoa, eta horrelako gauzak keinu hizkuntzan nola esaten diren azaltzen zen bertan, pertsona gorrak babestuta sentitzeko eta komertzioetara lasai joateko.
Zer prestatu duzue Keinu Hizkuntza egunerako?
M.T.: Ipuin kontaketa, makrame tailerra, modelatzeko tailerra eta gor-itsuekin komunikatzeko tailerra antolatu ditugu, 17:00etatik aurrera, Egiako Plaza Haundin. Horrez gain, 18:00etatik 19:00etara pertsona gorrek sortutako film laburrak proiektatuko ditugu, eta amaitzeko, Zeinu Kaxako kide batek Zeinu hizkuntza, pertsona gorren hizkuntza hitzaldia eskainiko du. Film laburrak Aitzarte Mendi Taldearen lokalean proiektatuko ditugu, argitasunarekin kanpoan ezingo direlako ikusi. Aitzartez gain, Egia Bizirik auzo elkarteak ere asko laguntzen digu.