'Presentziak Absentziak' erakusketa, Javier Perezen unibertso pertsonalean murgiltzeko
Jose Antonio Sistiagaren De rerum natura erakusketa amaituta, Javier Perezen Presentziak Absentziak erakusketa inauguratu dute ostiralean Kursaaleko Kubo Kutxa aretoan. Kutxa Fundazioak nabarmendu du erakusketak Perezen “unibertso pertsonalean murgiltzeko” aukera emango diela herritarrei; larunbatean irekiko dute, eta irailaren 25era arte egongo da ikusgai.
Perezek Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren fakultatean eta Parisko EEcole Nationale Supeerieure des Beaux-Arts eskolan (ENSBA) ikasi zuen, eta 1992tik 1997ra Parisen bizi ostean, indartsu agertu zen nazioarteko artearen agertokian, bere lehen erakusketa museistikoarekin; Museee d’Art Moderne et Contemporain de Strasbourg museoan egin zuen erakusketa hori, 1997an. Ordutik, nazioarteko museo eta galeria ugaritan erakutsi du bere obra, eta hainbat sari jaso ditu: 2001ean, Espainiaren ordezkari izan zen 49th International Art Exhibition La Biennale di Venezia erakusketan, Zeru zati kristaldu bat obrarekin. Bartzelona, Bilbo eta Paris dira Perezen bizilekuak eta lanlekuak.
Kutxa Fundazioak azaldu duenez, “Perezen obren bereizgarri nagusietako bat sinkretismoa da, bai prozedurei dagokienez baita erabiltzen dituen materialei dagokienez ere: eskultura, argazkia, marrazketa, bideoa eta performancea modu independentean erabiltzen ditu, eta batera, interakzioa eta ikerketa funtsezko ezaugarri dituzten instalazioak sortzeko”. Gaineratu dutenez, “erakusketa honek ezin hobeki aditzera ematen du haren sorkuntza mundua”. Lau aretotan dago banatuta erakusketa, Perezek berak eta Alfonso de la Torrek erakusketarako ehundutako istorioaren lau atalak irudikatzen dituztenak: Presentzia Absentziak, Somnia Insomnia, Pultsio Pultsazioak eta Bideak.
Jarduerak
Erakusketan zenbait jarduera egingo dituztela jakinarazi du Kutxa Fundazioak. Lehenengoa hilaren 16an izango da, 18:00etan. Aizpea Goenagak eta Ane Perezek poesia errezitaldia egingo dute, elebitan. Doakoa izango da, baina izena eman behar da, Kubo Kutxaren webgunean.
Bestalde, irailaren 8an, Perezen eta De la Torreren arteko solasaldia egingo dute, erakusketari eta sorkuntza prozesuari buruz, 18:00etan. Jarduera hau gaztelaniaz egingo dute, eta doakoa izango da, baina webgunearen bidez izena eman behar da.
Jarraian, Juantxo Egaña argazkilariak erakusketan egindako irudien bilduma: