AB Krosak Amara Berri hartu du berriz ere
Bi urteren ondoren, Amara Berriko euskararen aldeko festa eguna itzuli da: VII. AB Krosa egin dute larunbat arratsaldean, giro ederrean. Auzoko euskara elkarteak antolatuta, haurrentzako jarduerekin hasi da arratsaldea, eta euri pixka bat egin badu ere, Amara Berrikoak ez dira kikildu, eta festarekin aurrera egin dute.
19:00etan abiatu dira herri lasterketan parte hartu duten 100dik gora korrikalariak, aurretik Isidro Yoldi auzoko euskaltzale eta IRUTXULOKO HITZAren sustatzaile zendu berriaren omenezko isilune bat egin ostean. Ibilbidea egin ondoren –batzuek hiru kilometro egin dituzte, eta beste batzuek sei–, korrikalariak txalo artean joan dira helmugara iristen. Jarraian, Yoldiren omenaldia eta lasterketaren irteera osoa ikus dezakezue, bideoan:
Maria San Roman Iglesias, Lide Fernandez Barrado eta Mireia Asensio Erauskin izan dira helmugara heldu diren lehenengo hiru emakumeak, hurrenez hurren, eta garaikur eta sagardo botila bana jaso dute saritzat. Hain zuzen ere, sari bera jaso dute lehenengo hiru gizonek: Aitor Etxeberria Mujika izan da lehena, Iñigo Beldarrain Segurola bigarrena eta Alberto Bellosillo Perez hirugarrena. Bestalde, auzoko lehenengo emakumea Nerea Oñate izan da, eta IRUTXULOKO HITZAren urtebeteko harpidetza jaso du. Gizonetan ere sari bera eman dute, baina lehenengo sailkatua ez zeukatenez apuntatuta, Andoni Martinez de Antoñanak jaso du saria, lehenengo hamar auzotarren artean iritsi baita helmugara.
Jarraian, AB Krosan arratsaldean egindako argazkien bilduma: