Korrikatik Euskaraldira, hitzetatik ekintzetara pasatzeko
Hirugarren Euskaraldia aurkeztu dute larunbat goizean San Telmo museoan, eta 22. Korrikak Euskaraldiari lekukoa pasatu diola irudikatu dute; 'Hitzez ekiteko garaia' izango da leloa. Amaieran, Mariano Ferrer omendu dute.
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute hirugarren Euskaraldia, eta ariketa sozialaren aurkeztu dute larunbatean San Telmo museoko klaustroan; leloak berak dioen moduan, “hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia” dela nabarmendu dute. Barrexerka taldeko Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta umoregile donostiarrek egin dituzte aurkezle lanak, eta 22. Korrikak Euskaraldiari lekukoa pasatu diola irudikatu dute Donostiako AEK-ko Aitziber Otegik eta Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kide eta Donostiako Euskaraldiko ordezkari Maddi Juanikorenak. Horrez gain, Eneko Goia alkatea, Tanya de la Cruz aktorea, Iñaki Salvador musikaria, Esther Arrojeria Bera Berako jokalaria eta Pilar Kaltzada kazetaria ere han izan dira, Euskaraldiarekin lotuta dituzten bizipenak kontatzeko. Bagera elkartea eta Donostiako Udala elkarlanean antolatzen ari dira Euskaraldia.
Otegik hartu du hitza lehenik, eta nabarmendu du 22. Korrika “inoizko jendetsuena” izan zela, eta euskaldunen “herri gogoa” erakutsi zuela. Horregatik, azaldu du Korrikak lekukoa pasatu nahi diola Euskaraldiari: “Orain, denon txanda da; norbanakoez gain, erakundeak ere hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Hala izango al da?”. Ildo beretik jo du Juanikorenak, eta 2018ko eta 2020ko Euskaraldien lorpenak gogorarazi ditu. Euskaraldia lorpen txiki askoren gehiketa dela azaldu du, eta hitzez ekitera deitu ditu donostiarrak, hurrengo Euskaraldiak ere hizkuntz ohiturak aldatu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera izan dezaten.
Hain zuzen ere, donostiarrak ahobizi eta belarriprest izatera animatu ditu Juanikorenak, baita entitateak arigune izatera animatu ere. Izan ere, entitateek dagoeneko izena eman dezakete, Euskaraldiaren webgunean. Horrez gain, berritasun gisa, iragarri dute Euskaldunon Ahalduntze Eskola proiektu pilotua Donostian eta Euskal Herriko beste hiru herritan garatuko dutela.”Eusleen lana, alegia, euskarari eutsiko dioten pertsonen lana indartzea ahalbidetuko duen tresna sortu dugu: Euskaldunon Ahalduntze Eskola”, azaldu du Juanikorenak. Eusle gisa aritzen direnen portaeretan jauzi kualitatiboa emateko erronka dutela nabarmendu du, baita Euskaldunon Ahalduntze Eskolan parte hartuko dutenak “Euskaraldian eta hortik kanpo, euren egunerokoan urrats berriak eman nahi dituzten pertsonak” izango direla. “Hortaz, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest gisa izena ematen dutenek eman dezakete, eta nahi duen donostiar orok eman dezake izena”, gehitu du Juanikorenak.
“Euskaraz bizi nahi duen komunitate batentzat ari gara lanean, eta bide horretan laguntzen duen tresna da Euskaraldia. Arnas luzeko proposamena da gurea, eta aurtengo udazkenean aurrerapauso handiak emateko aukera izango dugu, berriz ere”, nabarmendu du Bagerakoak.
Korrikako eta Euskaraldiko ordezkarien ostean, Goiak hartu du hitza, eta “pozik” agertu da aurten berriz ere Euskaraldia antolatzearekin, eta aurtengoa “aurreko urteetan bezain arrakastatsua” izatea espero duela adierazi du. “Egitasmoak sortzen duen ilusioa da azpimarragarriena niretzat”, nabarmendu du
Bizipenak erdigunean
Hainbat arlotako pertsona ezagunak igo dira ondoren oholtzara, bakoitzak Euskaraldiarekin bizi dituen esperientziak plazaratzeko eta herritarrak ariketa sozialean parte hartzera animatzeko. Tanya de la Cruz aktore kolonbiarra izan da hitza hartzen lehena, eta azaldu du Euskaraldiak “gidoirik gabe euskaraz hitz egiteko aukera” ematen diola. Horregatik, nabarmendu du aurten ere parte hartuko duela, “noski”.
Iñaki Salvador musikari donostiarrak kontatu du berarentzat “erronka handia” dela jendaurrean euskaraz hitz egitea, eta erronka horri aurre egiteko, “estrategia bat” garatu duela nabarmendu du: Whatsappeko audio mezuak grabatzea: “Nik jazza jotzen dut, inprobisazioaren musika, eta elkarrizketa batek horrekin lotura handia du, elkarrizketa batean ere inprobisatu egin behar duzulako, hizkuntzaren arauak errespetatuz. Horretarako, grabazioak aproposak dira: aurretik pixka bat entseatu, esan nahi duzuna grabatu, trabatzen bazara borratu, eta berriz grabatu”. Horri esker, kontzertuetan azalpenak euskaraz ere ematen hasi dela aitortu du: “Uste dut dagoeneko elebiduna naizela”.
Esther Arrojeria Bera Berako jokalariak kontatu duenez, taldean euskaldun asko egonda ere, kanpoko jokalariek ez dutenez euskaraz hitz egiten, “nahigabe”, euskaldunen artean ere gaztelaniaz hitz egiten hasi ziren: “Euskaraldiari esker, konturatu ginen gure artean ere gaztelaniaz hitz egiten genuela, eta hori aldatzen hasi ginen; jokalari euskaldunen artean eta entrenatzailearekin euskaraz hitz egiten dugu orain”.
Azkenik, Pilar Kaltzada kazetariak kontatu du “belarriprest figurak izen hori izan aurretik”, jarrera hori hartu zuela: “Garai hartan, ume talde batekin egiten nuen lan, eta sekulako ahalegina egiten zuten nirekin gaztelaniaz hitz egiteko. Horrela, esan nien euskaraz hitz egiteko, eta nik egingo nuela ahalegina. Horrela, galtzen duguna ezagutzen dugu”. Gaineratu duenez, “Euskaraldian, aukera ematen diogu geure buruari hanka sartzeko, deseroso sentitzeko… hori ederra da”.
Ekitaldiaren amaieran, 2019an zendutako Mariano Ferrer kazetari donostiarra omendu dute. Izan ere, 2018ko Euskaraldiko Donostiako hamaikakoan zegoen Ferrer, belarriprest gisa, eta euskararekin zuen konpromisoa erakutsi zuen. Omentzeko, hamaikakoa aurkeztu zutenean Ferrerrek egindako diskurtsoaren audioa jarri dute, eta txalo artean agurtu dute kazetaria. Hedabide honek Euskaraldiaren harira elkarrizketatu zuen Ferrer 2018an, eta argi zuen: “Ez dut oztopo bat izan nahi”.