Donostiako Udalak "harridura" eta "kezka" adierazi du Atristainen kasuaren aurrean
Xabier Atristain preso donostiarraren kasuaren harira, Donostiako Udalak erakunde adierazpena plazaratu du, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak sinatuta. Udalak gogorarazi du “errespetuz” hartu zuela Atristain aske uztea eragin zuen epaia, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatuaren aurka urtarrilean ateratakoa.
Ordea, Atristain berriz ere espetxeratu dute berriki, eta udalak “harridura” agertu du horren aurrean: “Giza Eskubideen Auzitegi Gorenaren epaia argia, irmoa eta derrigorrez bete beharrekoa izanik, Donostiako Udalak bere harridura agertzen du, Espainiako Auzitegi Gorenak sententzia aintzat ez hartzea erabaki duelako. Erabaki arbitrario horrek ziurgabetasun juridiko sakona sortzen du, gainera”. Era berean, kezkatuta agertu da udala: “Donostiako Udalak bere kezka adierazi nahi du, bestelako alternatibak egonda ere, Atristain berehala espetxeratzeko agindua eman izanagatik”.
Horrez gain, EH Bilduk jakinarazi du eskaera bat erregistratuko duela, Atristainen abokatu Zigor Reizabalek eta presoaren senide batek “Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia egin dezaten, Xabier Atristain zein egoera juridiko eta humanoan dagoen bertatik bertara azaltzeko udal taldeei”.
Defentsak hiru bide ireki ditu
Joan den astean, Reizabalek iragarri zuen “hiru bide” ireki dituztela Espainiako Estatuak Estrasburgoko epaia bete dezan. Alde batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalean eskatu dute Atristain “libre gera dadila berriro, Europako sententziaren betearazpena erabakitzen den bitartean”. Bestetik, Gorenari eskatu diote “bere autoa deuseztatzeko”. Kasu honetan, Gorenak eskaera onartuko ez balu, Atristainek Auzitegi Konstituzionalera jo beharko luke babes bila, Reizabalek azaldu duenez. Hirugarrenik, Europako Kontseiluko Ministro Komiteari eskatu diote “ahal dituen neurriak hartzeko, egoera konpondu dadin”.
Otsailean aske, ekainean espetxera
Atristain otsailaren 17an atera zen Martuteneko espetxetik, behin-behinean aske gelditu ostean. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an ebatzi zuen Espainiak “prozesu justu eta ekitatezkoa” izatea eragotzi ziola, inkomunikatuta izan zutenean ez ziotelako konfiantzazko abokatu bat aukeratzen utzi, ezta ofiziozkoarekin modu konfidentzialean hitz egiten utzi ere. Horrela, Espainiako Auzitegi Nazionalak donostiarraren zigorra etetea erabaki zuen, Auzitegi Gorenak Estrasburgoko sententziaren inguruko ebazpena atera bitartean.
Urtarrilean, Estrasburgoko ebazpenaren berri izan zutenean, defentsak helegitea aurkeztu zuen Gorenean, Estrasburgoko sententzia bete zedin. Hain zuzen ere, zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen donostiarraren abokatuak, eta hala egitea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak, behin-behinean. Ordea, hilaren 1ean, Gorenak erabaki zuen ez zuela Atristainen zigorra berrikusiko, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen hurrengo egunean; Estrasburgoren arabera zigorraren hamazazpi urteetako hamaika modu injustuan egin baditu ere (ia hiru laurdenak), Martuteneko espetxean dago orain.