Donostiarra bigarren gelditu da Gipuzkoako txapelketan
Igandean hasi zuten modu ofizialean denboraldia Donostiarrak eta Donostia Arraun Lagunakek, Hondarribian, Gipuzkoako txapelketarekin. Donostiarrako mutilek lortu zuten talde donostiarren artean emaitzarik onena, bigarren gelditu baitziren. Hondarribia izan zen garaile gizonetan, 19:59.52 minutuko denborarekin; Donostiarrak zazpi segundo gehiago behar izan zituen helmugara heltzeko.
Emakumeetan ere emaitza onak lortu zituzten Donostiako bi taldeek: Donostia Arraun Lagunak hirugarren gelditu zen, eta Donostiarra laugarren. Orio izan zen irabazlea 10:44.64 minutuko denborarekin. Donostia Arraun Lagunakek hamaika segundo gehiago behar izan zituen, eta Donostiarrak hamabi segundo gehiago.
Bestalde, aipatzekoa da Donostia Arraun Lagunakek Kontxako Banderaren dantzatze ekitaldia egin zuela larunbatean Parte Zaharrean, pasa den denboraldian lortutako Kontxako Bandera historikoarekin. “Lehen aldiz historian, Kontxako Banderaren dantzatze ekitaldia ospatu dugu. Ekitaldi hunkigarria gure txapeldunekin ospatu duguna. Mila esker Donostiako Txistulari taldeari eta lagundu gaituzuen kide, arraunzale, babesle eta Juan Antonio Gararaikoetxea argazkilariari”, adierazi dute sare sozialetan.