Nahia Zudaire igerilariak brontzezko domina jantzi du Portugalgo Munduko Txapelketan
Munduko igeriketa txapelketa jokatzen ari dira Madeirako Funchal hirian, Portugalen. Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis igerilari donostiarrek maila ona eman zuten atzo. Zudairek brontzezko domina lortu zuen S8 kategoriako estilo libreko 400 metroko proban. Llopisek, berriz, podiuma eskura izan bazuen ere, laugarren izan zen estilo libreko 400 metrokoan.
Zudairek finalean irteera ona egin zuen, eta hasieratik hirugarren postuan kokatu zen. Hirugarren postu horri eutsi zion bukaerara arte. Morgan Stickney estatubatuarraren (4:50.18) eta Xenia Palazzo italiarraren (5:02.54) atzetik sailkatu zen denbora onarekin (5:05.40). Marka honekin Espainiako beste errekor bat hautsi du Zudairek, duela egun batzuk Euskadiko txapelketan 100 metro libreetan lortutakoari gehituz.
Llopisi dagokionez, Londresko 2019ko Munduko Txapelketako zortzigarren postua hobetu zuen. Goizeko eta arratsaldeko saioetan laugarren izan zen (4:43.43), podiumetik kanpo geratuz. Alberto Amodeo (4:27.76) Matthew Torres (4:27.84) eta Robert Griswold (4:33.37) igerilariak izan ziren onenak.