Donostiarrak "gogo handiz" hasi du denboraldia
Igor Makazaga eta Fernando Balentziaga izango dira gizonen taldeetako entrenatzaileak, eta Rufo Urtizberea emakumeen taldekoa. Bestalde, emakumeen trainerua Nortindal Donostiarra Ur Kirolak 100 deituko da, eta gizonenak Amenabar Donostiarra Ur Kirolak 100.
Donostiarra klubak denboraldi hasierako aurkezpena egin du Parte Zaharreko Donostiarra Taska tabernan, traineruen izen berriak iragartzeko, babesle nagusien berri emateko eta 2022ko entrenatzaileen berri emateko. Traineruak eta taldeak igandean aurkeztuko dituzte, Loiolako Latsari plazan, 11:45ean.
Hain zuzen ere, Fernando Balentziaga eta Igor Makazaga izango dira gizonen taldeetako entrenatzaileak, eta Rufo Urtizberea emakumeen taldekoa. Babesleei dagokienez, Nortindal eta Amenabar enpresak izango dira berriz ere babesle nagusiak, Donostiarra Taskak ere kluba babestuko du, eta Ur Kirolak elkarteak presentzia handia izango du, bere mendeurrenaren harira.
Horrela, emakumeen trainerua Nortindal Donostiarra Ur Kirolak 100 deituko da, eta gizonenak Amenabar Donostiarra Ur Kirolak 100. Nortinal enpresako ordezkari gisa, Jorge Indur izan da prentsaurrekoan, eta gogorarazi du “zortzigarren urtez” ariko direla Donostiarra babesten. Bestalde, emakumeen traineruaren izenean presente egotea “ilusioz” hartu dutela nabarmendu du, beraientzako “apustu” bat delako emakumeen talde bat babestea. Era berean, Amenabar enpresako ordezkari Ane Sarrionaindiak gogorarazi du dagoeneko zazpi urtez babestu dutela kluba, eta espero dutela aurten “garaipen asko ospatu ahal izatea”.
Ricardo Unzueta Ur Kirolak klubeko presidentea ere han izan da, eta, Donostiarrako lehendakari Alberto Lopezekin batera, nabarmendu du Ur Kirolak ez dela “soilik Donostiarraren harrobia”, baizik eta “Donostiarraren parte” dela. “Gustura gaude; gorabeherak egon daitezke, baina, oro har, gustura gaude”, gaineratu du. Era berean, gogorarazi du Ur Kirolakek antolatuko duela 2022ko itsasoko arraunaren Europako Txapelketa, mendeurrenaren harira, eta pozik agertu da horrekin: “Urki Kontxan jaio zen, eta Kontxara itzuliko gara”.
Martin Ibabe Kiroletako zinegotziak, bestalde, nabarmendu du Donostiarrak urte asko daramatzala “itsasoan maila ona ematen”, eta, esan duenez, “hiritarrak gero eta gehiago identifikatzen dira proiektuarekin”. “Ilusioz beteta gaude, eta aukera guztiak irekita daudela uste dugu. Helburua beti Kontxako Bandera da, baina ikusiko dugu zer gertatzen den”, gehitu du.