Epe laburrean egindako salerosketek gainbalioen tasa handiagoa ordaindu beharko dute
Donostiako Udalak gainbalioen gaineko zerga aldatu du. Eneko Goia alkateak eta Kerman Orbegozo Ogasun eta Finantzetako zinegotziak agerraldia egin dute xehetasunak emateko. Aldaketa behar bati erantzuten diola adierazi dute biek; udalek martxoan onartutako foru arau berriari egokitzeko beharrari. Arau horrek zergaren tasak egokitzeko aukera ematen die udalei.
Orbegozok azaldu duenez, 2022ko aurrekontuan aipaturiko zergari loturiko 13,5 milioi euroko diru sarrera aurreikusita zegoen. “Baina, kontuan izanda zerga arauaren egoera eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia, aurreikuspen hori ia erdira gutxituko zen. Epaiak udalen finantziazioari sortu ahal zizkion arazoei aurre egiteko, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Arau berria onartu zuten martxoan, eta horri esker udaloi eskumena eman digute zerga honetako tasak egokitzeko, eta zerga oinarriaren %30 izateko aukera eman digu”.
Donostian gainbalioaren zergak oinarrian %16ko tasa izango du, baldin eta operazioa lehenengo bost urteetan egiten bada; %14,50 hamar urte baino lehenago egiten bada; %13 hamabost urte baino lehenago egiten bada, eta %12 20 urte baino lehenago egiten bada. Egun, tasak honakoak dira: %11,39, %10,66, %10 eta %9,70. “Zergaren progresibotasuna mantentzeko erabakia hartu dugu, eta beraz, epe laburrean egindako salerosketek tasa handiagoa ordaindu beharko dute, izan ere, operazio espekulatiboagoak izan daitezke”, nabarmendu du Orbegozok. Era berean, adierazi du ondare irabazirik ez duten transakzioek ez dutela zerga ordainduko.
Zerga kalkulatzeko bi modu
Gainbalioen zerga kalkulatzeko bi modu daude. Batetik, modu objektiboa, katastro balioan oinarrituta. Bestetik, modu zuzena, transmisioaren balioa ken erosketaren balioa. “Udalak bi kalkuluak egingo ditu eta gutxienekoa likidatuko du. Eta horretarako, hau da, bi moduekin zerga kalkulatu ahal izateko, ezinbestekoa da transakzioaren datu guztiak izatea”, esan du Orbegozok. Era berean, zerga kalkulatzeko erraztasunak emateko, udalak hiritarren eskura simulatzaile bat jarri du. Horri esker, operazioa eginez gero ordainduko den zerga kalkulatzeko aukera dago.