Iñigo Llopisek zilarrezko domina lortu du Munduko Txapelketan
Iñigo Llopis igerilari paralinpiko donostiarra (Aiete, 1998) Funchalgo (Madeira, Portugal) Munduko Txapelketan lehiatu zen astelehenean, eta zilarrezko domina eskuratu du bizkar estiloko 100 metroko proban.
Bere sailkapen serieko lehenengoa izan zen, eta sailkapen orokorrean, bigarren denborarik onena egin zuen: 1:09.05 minutukoa. Soilik Robert Griswold estatubatuarra izan zuen aurretik, 1:07.81 minutuko denbora egin baitzuen. Horrela, Llopis finalera pasa zen, eta dominak ez zion ihes egin: Hasieratik, Griswolden atzetik jarri zen, eta horrela amaitu zen finala: Griswoldek irabazi zuen urrea 1:03.82ko marka eginda, Llopisek zilarra 1:07.92ko denborarekin eta Pipo Carlomagno argentinarrak brontzea 1:10.91ko denborarekin.
Beste behin, donostiarrak erakutsi du bizkar estiloko 100 metroko proba dela hoberen ematen zaiona, besteak beste, zilarrezko domina lortu baitzuen Tokioko Joko Paralinpikoetan ere (2021), brontzea Londresko Munduko Txapelketan, 2019an; zilarra Dublingo Europako Txapelketan, 2018an; eta urrea Funchalen jokatutako azken Europako Txapelketan, 2021ean.