Biribilgune berri bat eraikiko dute, Eskusaitzetako eta Zubietako sarbideko zirkulazioa arintzeko
Ia 9 milioi euroko aurrekontua du proiektuak, udazkenean hasiko dituzte eta zortzi hilabeteko epea izango dute amaitzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgune altu bat eraikiko du N-I errepidearen gainean, Zubietako Allerruko gasolindegiaren inguruan, egungo lotunea ordezkatzeko, gero eta ugariagoa den zirkulazioa antolatzeko eta egungo zubiaren galibo arazoak konpontzeko helburuarekin. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eman du proiektuaren berri, eta jakinarazi du ekainean aterako dutela lizitaziora obra, 8.989.292,30 euroko oinarrizko prezioarekin eta zortzi hilabeteko gauzatze epearekin; lanak udazkenean hastea aurreikusten dute. Gipuzkoan urtean egingo den “inbertsio handienetako bat” izango dela esan du Oiarbidek
“Lotuneak Merca-Bugatti, Eskusaitzeta, Zubieta eta Zubietako garraio zentroetako zirkulazioa jasaten du, Lasartetik eratorritako zirkulazioaz gain, azaldu du diputatuak, eta gaineratu du zirkulazioa gero eta handiagoa izango dela, inguruan garatzen ari diren azpiegiturengatik; izan ere, Eskusaitzeta-Zubietak Gipuzkoako industrialde handiena hartuko du. Gaur egun, erraustegia dago eremu horretan, eta baita Aurrera Mubil mugikortasuneko zentro estrategikoa eta Naturklima ingurumen arloko zentro estrategikoa ere. Gainera, Donostiako kartzela berria ere Eskusaitzetan eraikitzen ari dira, eta inguruan enpresa gehiago ezarriko dira.
Proiektua
“Garapen” horren ondorioz, Oiarbidek nabarmendu du garrantzitsua dela azpiegitura aproposak edukitzea, eta horregatik eraikiko dute “makro-biribilgunea”, Oiarbideren hitzetan. Egungo biribilgunea, Itxiberrietakoa, kenduko dute, baita zubi zaharra bota ere. Horien ordez, bi zubi eraikiko dituzte (bakoitza 45 metrokoa), eta, gainean, hipodromo formako biribilgune bat eraikiko dute, diputatuak azaldu duenez. Aipatu eremuko zirkulazioa arintzeaz gain, hein batean, Lasarte barruko zirkulazioa ere arinduko du biribilguneak, aldundiaren arabera.
Bestalde, gaur egungo zubitik, asko jota, 4,5 metroko ibilgailuak ibili daitezke, eta horrek ibilgailu berezien zirkulazioa zailtzen du. Biribilgune berriarekin, aldiz, altuera muga (galiboa) bost metrora igoko dute, ibilgailu handiak ere pasatu ahal izan daitezen.
Aipatzekoa da, halaber, aldundiak antzeko proiektu baten berri eman zuela 2009ko urrian eta 2010eko urtarrilean; hain zuzen ere, Eneko Goiak, Donostiako egungo alkateak eta garai hartan aldundiko bozeramailea zenak, eman zituen azalpenak. Ordea, 2011ko urrian, diputatuen batzordeak bertan behera utzi zuen lanen kontratua.
Eragozpenak sortuko ditu
Oiarbidek azaldu duenez, lanek eragozpenak sortuko dituzte N-I errepideko zirkulazioan, fase batzuetan. Nabarmendu duenez, egungo zubia botatzen dutenean eta zubi berriak eraikitzen dituztenean sortuko dira eragozpen handienak. Izan ere, egunero 50.000-60.000 ibilgailu pasatzen dira handik.