Birziklatutako materialez sortutako erraldoiak erabiliko dituzte aurten Antiguan, sanjoanetan
Antiguako Loretope konpartsak jakinarazi duenez, aurtengo sanjoanetan birziklatutako materialarekin egindako erraldoiak erabiliko dituzte. Istorio bitxi bat dago horren atzean, izan ere, erraldoi horiek Olaztiko (Nafarroa) Ihoteak ospatzeko sortu zituen bertako kuadrilla batek. Maite Barrenetxeak zizelkatu zituen, eta herriko jostunek apaindu.
Gogoratu, Antiguako Loretope konpartsak auzoko erraldoiak sortzeko diru-bilketa bat abiatu zuela, eta oraindik ere horretan ari direla. “Antiguan erraldoiak dantzan jartzeko irrikaz gaudela jakin zutenean, ez zuten zalantzarik egin eta guri oparitu dizkigute. Sanjoanetan dantzan jarriko ditugu! Eta seguru gaude, denon laguntzaz sortuko ditugun gure bi erraldoiekin laster egingo dutela dantzan!”, adierazi du konpartsak Facebooken.