Elkarretaratzea egin du LABek Lanbide Heziketan euskara 'ardatza' izatea aldarrikatzeko
LABek mobilizazioa egin du Donostiako Kursaalean gaur egun euskarak Lanbide Heziketan pairatzen duen egoera salatzeko. Sindikatuak adierazi duenez, LABek egindako Euskara EAEko Lanbide Heziketa Publikoan izenburua duen txostenean agerian geratzen den bezala, euskararen egoera “oso larria” da gaurko Lanbide Heziketako eskaintza publikoan. Besteak beste, sindikatuaren esanetan, 4/2018 Lanbide Heziketako Legeak jasotzen dituen euskara bermatzeko artikuluak ez dira betetzen; 1997tik gaur egunera arte Jaurlaritzak argitaraturiko Lanbide Heziketako planetan ez dago euskara indartzeko estrategiarik; eta matrikulazio-datuek A ereduaren nagusitasuna erakusten dute. Horregatik, Lanbide Heziketan euskara ardatz lemapean mobilizatu dira.
“LAB sindikatutik egoera hau salatzen dugu, ekainaren 15etik 17ra arte Donostiako Kursaalen egiten ari den Lanbide Heziketako World Federation of Colleges and Polytechnics direlakoen munduko biltzarrak (WFCP 2022 kongresua) ematen digun aukera baliatuz. Nazioarteko topaketa honek kontinente guztietako hezkuntza eta prestakuntza profesional eta teknikoko aditu eta profesional ugari erakartzen ditu”, azaldu dute.
Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan, egungo hizkuntza-ereduak “gainditu” eta euskararen ikas-eredu “bakar eta orokortua” ezartzeko trantsizio tasatua “beharrezkoa” dela adierazi nahi izan diote Hezkuntza Sailari. Zentzu horretan, Lanbide Heziketak euskaldundu eta ikas-eredu bakarrerako bidea egiteko neurri eta epeak “premiazkotzat” dituela nabarmendu du.