Isidro Yoldiren omenezko ekitaldi bat egingo dute Amara Berrin

Amara Berriko Berritsu euskara batzordeak Isidro Yoldi gogoratzeko ekitaldi bat egingo du auzoan, Amaiur parkean, ekainaren 25ean. Joan den maiatzean hil zen Yoldi, eta hutsune handia utzi du auzoan eta Donostiako euskalgintzan. Urrats euskaltegiko zuzendaria zen, eta euskararen aldeko hamaika ekinbide sortu eta gidatu zituen; besteak beste, Irutxuloko Hitzaren sustatzailea izan zen.
Omenaldian auzoko kantu jirak parte hartuko du, eta Beñat Gaztelumendik Yoldiri idatzitako bertsoak kantatuko dituzte. Añorgako bertsolaria Urrats euskaltegi berriaren inaugurazio ekitaldian izan zen 2010ean, eta hari egin diote enkargu berezi hau. Letrak banatu egingo dituzte, ekitaldian parte hartzen duten guztiek kantuarekin bat egiteko. Urrats euskaltegiko Pedro Lakuntzak bere lankide zenari buruz hitz egingo du ekitaldiaren hasieran. Omenaldia 12:00etan hasiko da.