Maite Rosende ilustratzailearen erakusketa ikusgai dago Aiete Kultur Etxean
Maite Rosende ilustratzaile donostiarraren lanak ikusgai daude gaurtik aurrera, eta irailaren 11ra arte, Aiete Kultur Etxean. Kolore biziko ilustrazio dinamiko eta geometrikoak egiten ditu teknika desberdinak erabiliz. Haren esanetan, haurrek mundua ikusteko duten moduak inspiratzen dutenetakoa da eta, horregatik, bere marrazkiak beti “mugimenduan” daude.
Batxiler artistikoa bukatu eta Horma Pinturako goi-mailako gradua ikasi zuen Rosendek, Bartzelonako Goi Mailako Arte eta Diseinu Eskolan. Ondoren, Ilustrazio Goi Mailako zikloa egin zuen Llotja Eskolan, Bartzelonan. Diziplina artistikotan etengabe trebatzeaz gain, diseinu grafikoaren, argazkigintzaren eta bideo edizioaren arloetan ere formazioa jasotakoa da. Euskal Irudigileak eta Galtzagorri Elkarteetako kide da.
Kartelgintzan lan ugari eginikoa da eta 2015, 2016 eta 2017an irabazi zuen Donostiako Zinemaldiaren kartel lehiaketa, sail desberdinetarako eginiko lanekin. Muralismoaren alorrean ere lan egiten du, eta 2021ean Donostiako Altza Apain Kaleko Arte Topaketetan eta Zaragozako Asalto Jaialdian hartu zuen parte.
Haur eta helduentzat ilustrazio tailerrak eman ditu Donostiako arte gune desberdinetan, Zaldi Urdinan eta Undermounten, besteak beste; eta hainbat erakunderentzat ilustrazio eta diseinu grafikoaren alorreko lanak egin izan ditu.