Oteizak erbestean egindako hamasei obra, Donostian ikusgai
Jorge Oteiza artistaren (Orio, 1908-Donostia, 2003) hamasei eskulturaz osatutako Oteiza Argentinan erakusketa inauguratu dute Donostiako Elizbarrutiaren D’Museoan, Parte Zaharreko Santa Maria elizan. Oteizak erbestean, 1935etik 1948ra, Amerikan –Argentinan, Bolivian, Kolonbian eta Txilen egon zen– egindakoak dira hamasei obrak, eta Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan jendaurrean ikusgai jarri dituzten lehenengo aldia da. Urriaren 2ra arte egongo da ikusgai, ordutegi honekin: astelehenetik larunbatera 10:30etik 19:00etara eta igandeetan, meza dela eta, 13:30etik 19:00etara.
Edorta Kortadi arte aditua da erakusketako komisarioa, eta aurkezpenean azaldu duenez, hamasei eskulturetako hamalau abstrakzio geometrikoaren estiloan egindakoak dira, eta beste biak, aldiz, figuratiboak dira; horietako bat, gainera, Oteizaren emazte Itziar Carreñoren (1904-1991) erretratua da, 1947koa. Era berean, nabarmendu du Oteizaren “fase primitiboenekoak” direla obrak. Soilik bi eskulturak daukate data zehaztuta, eta askok izenik ere ez dute, Kortadik deitoratu duenez, informazioa falta delako. Izan ere, Argentinako bildumagile partikular baten eskuetan zeuden eskulturak, duela gutxi arte. Hura hil zenean, haren senideek bilduma salgai jarri zuten, eta bildumagile nafar baten eskuetara heldu zen horrela; horri esker, Donostian ikusgai dago orain.
Aipatzekoa da, halaber, askotariko materialekin eginda daudela eskulturak, eta batzuk Oteitza izenarekin sinatuta daudela, eta beste batzuk, aldiz, TZA akronimoarekin; “Euskal Herrira itzuli ostean kendu zion t hizkia bere abizenari, eta Oteiza sinatzera pasatu zen”, kontatu du komisarioak. Erakusketako obrei zein Oteizaren bizitzari buruzko informazio ugari dago museoan eskuragarri jarri duten liburuxkan, baita Oteizaren bizitzako zenbait bitxikeria ere, besteak beste, honakoa: “Oteizak berak kontatu zizkigun Bueno Airesera iritsi eta han izan zuen egonaldiaren inguruko pasadizo batzuk: Jose Bikandi margolari eta zeramikagilearekin izan zuen harreman ona, Evita Peronekin eta bere lagunarekin hiriko zenbait klubetan egin zituen parrandak […]”.
Kortadik gogorarazi du zenbait historialarik esan izan dutela Oteizak, erbestean zegoenean, ez zituela obra asko egin, eta egin zituenek ez zutela arrakasta komertzialik izan; ordea, komisarioak nabarmendu duenez, D’Museoan ikusgai dagoen bildumak erakusten du hori “gezurra” dela, besteak beste, hamasei eskultura horiek bildumagile argentinar horrek erosi zituelako bere garaian. Bestalde, azaldu du San Telmo museoak badituela Oteizaren zenbait eskultura, baina D’Museoan ikusgai jarri dituztenak horien aurretik egindakoak direla, San Telmokoak 1950eko eta 1960ko hamarkadetakoak baitira.
Arte eskaintza zabala hirian
Jon Insausti Kultura zinegotzia pozik agertu da Oteiza Argentinan erakusketarekin, eta nabarmendu du uda honetan Donostiak izango duen “arte eskaintza zabalera” gehituko dela. Izan ere, nabarmendu du udan honako erakusketa eta esku hartze artistikoak ikusi ahalko direla hirian: Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida. Dialogoa, 50eko eta 60ko urteetan erakusketa San Telmo museoan, Insaustik azaldu duenez, dagoeneko 20.000 bisita baino gehiago izan dituena; Cristina Iglesiasen Hondalea esku hartze artistikoa Santa Klara irlako itsasargian, Donostiako bildumagile baten artelanek osatutako Lau haizetara erakusketa Okendo Kultur Etxean, eta abar.
Horrez gain, Insaustik “eskerrak” eman dizkio Kortadiri eta elizbarrutiari, “gure ondarea gordetzeko” egiten ari diren lanarengatik.