46 eragilek hartuko dute parte hiri eredua aldatzearen aldeko manifestazioan
Donostiako 46 eragilek bat egin dute, eta “hiri eredua aldatzeko” manifestazioa egingo dute larunbatean, hilaren 18an, Donostia berreskuratu, hiri eredua aldatu! lelopean; 18:00etan abiatuko dira Araba parketik, eta Alderdi Ederren amaituko da. Eragileen artean, auzo elkarteak, herri mugimenduak eta arlo askotako plataformak daude, eta “udalaren hirigintza politika kaltegarriak salatzeko eta hiri eredua herritarren eta auzoen beharrei begira aldatze aldera”, manifestazioan parte hartzera deitu dute. Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun goizean udaletxearen aurrean.
“Hiria ez da bizilagunen beharren arabera aldatzen ari, eta botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diote, administratzaile eta egitasmo pribatuaren zerbitzu emaile bihurtuta”, salatu dute eragileek. Nabarmendu dutenez, egungo hiri ereduak “ondorio gero eta larriagoak eragiten dute herritarren bizi baldintzetan, eta honako hauek dira, euren ustez, ondorio nagusiak: etxebizitza larrialdia, hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea, kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa, hiriaren elitizazioa, hirigintza politika erasokorrak eta ondare arkitektonikoaren suntsiketa.
Gai horiek guztiak jarri dituzte erdigunean, eta horien aurka mobilizatuko dira larunbatean. Etxebizitza larrialdiari dagokionez, salatu dute “erosketa eta alokairu prezioek gora egiten” jarraitzen dutela, eta ez zaiela “mugarik jartzen putre funtsei eta merkatu turistikoei, etxebizitzarekin espekulatzeko”. Bestalde, ekonomia ereduari buruz, deitoratu dute “gehiegizko esplotazio turistikoak langileen baldintzen okertzea” eragin duela.
“Hiri espazioaren kudeaketan interes komertzialei ematen zaie lehentasuna, zaintza, jolas eta kontsumora bideratzen ez diren harreman sozial jardueren kaltetan”, gehitu dute, eta nabarmendu dute “protesta soziala zigortzen” dela, Mozal Legea aplikatuz. Hiria gero eta elitistagoa dela salatu dute, baita ere: “Fokuak aberastasunean eta luxuan jartzen diren bitartean, kale egoeran bizi diren donostiarrak edo bizitza duinaren mugan daudenak ezkutatu eta isilarazi egiten dira”.
Hirigintza politikei dagokienez, “erasokorrak” direla salatu dute, eta hainbat eredu jarri dituzte: metroa, Basque Culinary Centerren Groseko proiektua, Antondegiko surf parkea eta Belartza Goikoan egingo duten makro-poligonoa, esaterako. Ondareari dagokionez, “astero eraikin historikoren bat suntsitzen edo husten da, higiezinen eta turismoaren presioa gero eta handiagoa delako. Donostia da Ondareari buruzko Nazioarteko Alerta bat duen hiri bakarra, Arte Ederren Jauregiaren eraispena salatzeko”, deitoratu dute.
“Eredua herritarren eta auzoen beharrei begira eraldatzeko indarrak biltzea premiazkoa” dela nabarmendu dute. “Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko abiatu duen prozesua dela eta, orain arteko bidetik jarraituz gero, Donostiaren eta donostiarron etorkizuna epe luzera gehiago baldintzatzeko eta serioski kaltetzeko arriskua ikusten dugu. Itxurazko parte hartze prozesuen gibelean, entzungor egiten diete indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen iritziak ematen dituzten eta bestelako hiri eredua defendatzen duten donostiarrei”, gaineratu dute.
Jarraian, mobilizazioarekin bat egin duten 46 eragileak:
- Abaraska etxebizitza kooperatiboa.
- Alokairu Benta Berri.
- Altza XXI herri ekimena.
- Amara Bai auzo elkartea.
- Ancora.
- Añorgatxikitarrak auzo elkartea.
- Atxiki Añorga auzo mugimendua.
- AZPI Kultur Elkartea.
- Belartza 2 Gelditu.
- Bizilagunekin plataforma.
- CNT Gipuzkoa.
- Dendartean merkatarien elkartea.
- Donostiako Bilgune Feminista.
- Donostiako Piratak.
- Egia Bizirik auzo elkartea.
- Egiako Etxebizitza Sindikatua.
- Eguzki talde ekologista.
- Ehun mugimendua.
- ELA sindikatua.
- Ernai gazte antolakundea.
- Errausketaren aurkako mugimendua.
- ESK sindikatua.
- Groseko asanblada feminista.
- Haritzalde naturzaleen elkartea.
- Heriz plataforma.
- Herria kultur elkartea.
- Herripe auzo elkartea.
- Herritarren Harrera Sarea.
- Hondarpe Auzo Elkartea.
- Inquilinos de Azora.
- Intziri neska* gazte taldea.
- IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea.
- Kaleratzeak Stop Donostialdea.
- LAB sindikatua.
- Morlanstarrak auzo elkartea.
- Oficina de Derechos Sociales.
- Ondare SS elkartea.
- Osteguna Elkartea.
- Parkea Bizirik elkartea.
- Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea.
- Piztu Donostia.
- Satorralaia bizilagunen mugimendua.
- Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatua.
- Steilas sindikatua.
- Uliako auzo elkartea.
- Uliako Lore Baratzak.