Identifikatu gabeko 80 gorpu daude Polloeko mausoleo frankistan
Donostiako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak maiatzean jakinarazi zuten Donostiako Polloeko hilerrian gutxienez hamazazpi miliziano antifaxista daudela lurperatuta, Martirien Mausoleoa izeneko hobi frankistan; berriki, plaka frankista kendu diote mausoleoari. Ordea, Berria egunkariko Iosu Alberdi kazetariak argitaratutako erreportajearen arabera, baliteke hobian lurperatutako errepublikano kopurua handiagoa izatea: alde batetik, Aranzadik zalantzak dauzka han lurperatuta dauden beste hamalau lagunen kidetza politikoaren inguruan. Bestetik, Polloeko ehorzketen liburuaren arabera, identifikatu gabeko 80 gorpu ere lurperatu zituzten mausoleoan.
Lehenengo hamazazpi hilobiratuen izenen zerrenda osatu du Aranzadik, eta, besteak beste, Pedro Arriola, Narciso de Santos, Lorenzo Etxarri, Marcos Galluralde eta Camilo Ibañez daude han lurperatuta, gehienak PCEko, CNTko, UGTko eta herri milizietako kideak. Zalantzazkotzat jo dituzten hamalauen izenei dagokienez, Euskal Memoriak eta Gogora institutuak aipatu erakundeekin lotutako zazpi izen eman ditu: besteak beste, Manuel Arconilla, Fernando San Saturnino, Cesareo San Sebastian eta Juan Ortiz de Zarate.
Miliziano horien guztien izenak Donostiako Udal Agiritegian daude. 1958an Gipuzkoako gobernadore zibilak agindutako eta Polloeko hilerriko arduradunak osatutako zerrenda batean, hain justu, ustez “gurutzadako heroi eta martiriena” dena. Matxinoen gorpuzkiak Madrilgo Erorien Haranera eramateko asmoa zuen erregimen frankistak, eta asmo horri erantzunez osatu zuten zerrenda. Testuaren arabera, 121 gorpu, ustez “gurutzadako heroi eta martirienak” —132 izeneko beste zerrenda bat ere badago— mausoleoan ehortzita zeuden. Zerrenda horri esker, Aranzadik 31 pertsona horiek (lehenengo hamazazpiak eta beste hamalauak) identifikatu ditu. Ez zuten gorpurik lekualdatu Erorien Haranera, gorpuak “taldean” lurperatuta zeudela eta haiek “indibidualizatzea zaila” zela argudiatuta.
Gehienak 1936an hil zituzten
Polloeko mausoleoan lurperatuta dauden pertsona gehienak 36ko gerraren hasieran hil zituzten Donostian, 1936ko uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran. Berria-k ehorzketen liburuan oinarrituta emandako informazioaren arabera, 1936ko uztailaren 25ean lurperatu zituzten, esaterako, Ambrosio Narbaiza, Benito Uranga eta Camilo Ibañez. Guztira, 74 lagun hobiratu zituzten egun horretan aipatu mausoleoan, baina 47 “identifikatu gabe” ageri dira. Era berean, zerrendaren ondoan honako esaldi hau dago: “Bakearen etorbideko 94tik 104ra bitarte dauden gorpuzki hauek guztiak 1940ko ekainaren 24an eta 25ean mugitu dira Martirien Mausoleora”.
Bestalde, uztailaren 27tik abuztuaren 3ra bitarte linbo hobi komunean ehortzitakoen zerrendan Alvaro Izurza, Eloy Zufiaurre eta Lorenzo Etxarri daude, besteak beste. Horiekin batera, frankisten aldean hildako zenbait kideren izenak eta “identifikatu gabeko 33 gorpu” agertzen dira. “Linboko gorpuzki guztiak 1940ko uztailaren 8an eta 9an mugitu ziren Martirien Mausoleora” dio ondoan dagoen esaldiak.