Intxaurrondoko anbulatorioaren irisgarritasuna bermatzen ez dela kritikatu du Elkarrekin Donostiak
Donostiako Udal Gobernuak konpromisoa hartu zuen Intxaurrondoko osasun zentroaren irisgarritasuna hobetzeko. Ordea, Elkarrekin Donostiak udal taldeak ohartarazi du oraindik arazo horri ez diotela irtenbiderik eman. Asteleheneko udal batzordeetara eraman zuten gaia udal gobernuari harturiko konpromisoa bete dezan eskatzeko. “Gobernuak irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa hartu zuen 2019ko urrian, aurkeztu genuen mozio baten ondorioz, baina sarbideko gabeziek bere horretan diraute”, salatu du Haizea Garai zinegotziak.
Auzoko bizilagunek eta auzo elkarteek aspaldi jakinarazi zuten anbulatorioak irisgarritasun arazoak zituela. Oinez eta ibilgailu bidez hurbiltzeko zailtasunak dituzte erabiltzaileek. Are gehiago, mugikortasun arazoak dituzten pertsonek. Garairen ustez, gai honek “lehentasuna” du, Intxaurrondoko osasun zentroa doazenak gaixo dauden pertsonak eta adinekoak direlako. “Mugikortasun urriko pertsonen kasuan, egoera bereziki larria da; izan ere, sarbidera iristeko, bi eskailera zati zeharkatu behar dira, eta sartzeko arrapalak, zentroko sarreratik urrun egoteaz gain, oso aldapa handia du gurpil-aulkientzat. Era berean, gurpildun aulkian doazen pertsona horien laguntzaileek ere indar fisiko handia behar dute aldapa handia igo ahal izateko”.
Mikrobusik ez
Elkarrekin Donostiak gaineratu du irisgarritasun gabezia horiei auzoko beste eremu batzuetatik anbulatoriora sartzeko zailtasunak gehitu behar zaizkiela: “Intxaurrondoko bizilagunek auzoan mikrobus bat martxan jartzea eskatzen duten eskaera tradizionala atzera ere bota du gobernuak, eta, horren ondorioz, adineko edo mendeko pertsonak osasun zentrora lagundu eta eraman behar dira, nahitaez, ibilgailu pribatuetan”. Horrekin batera, Marrutxipiko lotunea egiteko Etzieta parkea hesitzen ari direla ohartarazi du Garaik, eta horrek anbulatoriora iristeko bide bat mugatu dutela.