"Elkarbizitza indartzen ikasi behar dugu"
Amara Berriko jaien egitarauaren barruan, kultur aniztasunaren ospakizuna egingo dute ‘Koloretako arrozak’ egitasmoaren bidez. Probestu plazan elkartuko dira igandean, eta 11:00etatik aurrera, munduko hainbat herrialdetako arrozak prestatuko dituzte. Era berean, euskal dantza ikuskizuna eta munduko musikak entzuteko aukera ere izango da. Donostian aritzen den Kichwa Otavalo kultur elkarte ekuadortarrak ere hartuko du parte jaian.
Noiz sortu zen Kichwa Otavalo kultur elkartea?
2003an sortu zen, eta orain arte lanean jardun dugu kultur elkarte gisa. Ekuadorrekoak gara gehienok, eta Euskal Herriko festa kulturaletan parte hartu izan dugu. Bereziki, Urola Kostan mugitu izan gara, baina Donostian ere aritu gara askotariko ikastaroak ematen.
Beraz, ez da Donostiako elkarte bat bakarrik. Euskal Herri osoan aritzen zarete?
Bai. Kichwa Otavalok Euskal Herrian dauden etorkinen bigarren belaunaldia hezi nahi du kultur aniztasunean. Ni duela 29 urte iritsi nintzen Euskal Herrira, baina orain bigarren belaunaldiaz hitz egiteko unea da, gure seme-alabez, alegia. Belaunaldi horrek ere jakin behar du aniztasuna zer den: jatorriak, hizkuntzak, kulturak… Kultur elkarte gisa eman beharreko pausoak direla uste dut. Zuek, euskaldunok, ere fase hori pasa duzuela uste dut. Kanpoko jendea etorri da hona bizitzera, bertakotu egin dira, eta orain gazteok belaunaldi berria zarete. Kultur aniztasuna zer den ongi ezagutzen duzue, baina etorkinok ere ikasi behar dugu elkarbizitza indartzen.
Zein jarduera egiten dituzue integratzeko?
Normalean, integrazio kulturala elkarrekin hitz eginez eta elkarrekin batuz lortzen da. Ni Donostian duela hiru hilabetetik bizi naiz, eta Kichwa Otavalo kultur elkarteak hemen eragiteko modu bat zera izan daiteke: gune desberdinak zabaltzea. Horrez gain, bertako jendearekin integratu behar dugu, eta gizartean parte hartu behar dugu. Gure jendeari hori eskatu behar diogu, izan ere, harremana dugu Bolivia, Peru, Honduras, Nikaragua eta inguruko herrialdeetako jendearekin, eta latinoamerikarrok elkar ondo ulertzen dugunez, errazagoa izango da elkarrekin hemen integratzea lortzea. Koloretako arrozak bezalako festa batekin ez gara guztiz integratuko, baina lagunduko digu horretan.
Donostian bizi den zenbat jende dago Kichwa Otavalo elkartean?
Gaur egun, 68 kide ditu elkarteak. Baina Donostian bizi garenak, egia esan, ez dakit zenbat garen. Normalean, jarduera kultural bat antolatzeko biltzen gara guztiok. Gutxienez, urtean behin elkartzen gara, baina esan bezala, eskualde desberdinetan bizi gara. Hala ere, kitxua komunitatea handiagoa da; 68 elkartean gauden kideak bakarrik gara.
Igandean Amara Berriko ‘Koloretako arrozak’ egitasmoan hartuko duzue parte. Lehenengo aldia da?
Bai, Donostian horrelako zerbait egingo dugun lehenengo aldia da. Hedabide digitala daukagu, eta bertan argitaratzen ditugu egiten ditugun lan txikiak. Horren bidez ezagutu eta gonbidatu gintuzten parte hartzera, eta oso pozik gaude. Gure aletxoa jarriko dugu, eta, horrela, bizilagunek hobeto ezagutuko gaituzte.
Zer prestatuko duzue? Zenbaten artean?
Esan bezala, elkartean jende asko gaude, baina lau pertsona arituko gara igandean arroza prestatzen. Hala ere, oraindik ez dakigu zehazki zer egin. Ekuadorren arroza prestatzeko modu asko daude, izan ere, herrialdean hamazazpi nazionalitate daude, eta bakoitzak bere erara prestatzen du. Bakoitzak bere gustukoena proposatuko du, eta bozkaketa egingo dugu. [Barrez]
Zuk zein arroz motari emango zenioke botoa?
Ni neutrala naiz, izan ere, arroza ikaragarri gustatzen zait. Besteek erabakitzen dutenarekin ados egongo naiz.
Familia giroan ikasi al duzue arroza prestatzen?
Ekuadorren arroz asko ekoizten da. Potentzial ekonomiko handia du, bananek bezala, eta guretzako funtsezko platera da, ia egunero jaten dugulako. Horrez gain, gastronomia familiako tradizioak ere markatzen du. Normalean emakumeek kozinatzen dute, amek edo ahizpek. Beraiengandik ikasten joan gara, pixkanaka, eta batzuek beste batzuk baino gehiago jakingo duten arren, arroz goxo bat prestatzen saiatuko gara.
Baduzue harremanik parte hartuko duten beste elkarte batzuekin?
Bai, ezagutzen ditugu batzuk. Hala ere, igandean elkarren arteko harremanak estutzea gustatuko litzaiguke. Aurrerago, beste festa bat ere egin nahiko genuke, nukleo kultural bat eratzeko. Azken finean, elkarte bakoitza bere aldetik doa, baina uste dut kultura arloan bereizketa horrek ez lukeela existitu behar. Denok bat egin behar dugu integrazioa benetakoa izan dadin.
Donostian, bertako jendearekin integratuta sentitzen zarete?
Bueno, uste dut sektore batzuetan oraindik atzerritarrok ez garela guztiz integratuak sentitzen. Baina horretarako lan egin behar da, eta ekinbide kultural eta gastronomikoek, adibidez, lagundu egiten dute. Bakoitza bere aldetik joan beharrean, talde gisa jokatu behar dugu.