Iñigo Llopisek beste domina bat kolkoratu du
Iñigo Llopis igerilariak zilarrezko beste domina bat irabazi zuen atzo, Madeiran jokatzen ari diren igeriketa egokituko Munduko Txapelketan. Donostiarrak astelehenean lortu zuen zilarreko lehen domina bizkar estiloko 100 metroko proban. Guztira, munduko txapelketatan hiru domina eskuratu ditu Aieteko igerilariak.
Estiloetako 4×100 metro errelebo probaren finalean lortu du domina Llopisek. Goizeko lehen sailkapen seriean denborarik onena egin zuen Espainiako selekzioarekin (4:36.27). Soilik Australiak hobetu zuen denbora bigarren seriean. Proba bitxi samarra da, mistoa delako eta desgaitasun kategoria desberdinak dituelako. Finalean Llopisek ekin zion lehiari, eta lehena izan zen urpeko zati ikaragarria eginda. Dena dela, Australiak irabazi zuen urrean (4:29.86), Espainiak zilarrezko domina eta Herbehereek brontzezkoa.