Monteverdi abesbatzarekin eta English Baroque Soloists orkestrarekin hasiko da Musika Hamabostaldia
Mota guztietako 70 kontzertu eta emanaldik osatuko dute 83. Musika Hamabostaldiko egitaraua. Abuztuaren 2tik 27ra, Donostiako hainbat agertoki hartuko ditu, baina baita Gipuzkoako, Arabako, Iparraldeko eta Nafarroako zenbait herritakoak ere. Bi urteko trantsizioaren ostean sasoia berreskuratu ondoren, Hamabostaldiak bere ziklo espezializatuen eskaintza aurkeztuko du, Kursaal eta Victoria Eugeniako kontzertu handiekin batera.
Festibalaren inaugurazioa, abuztuaren 2an, asteartea, britainiar musikaren tandem entzutetsuenetako baten esku egongo da: Monteverdi Abesbatzak eta English Baroque Soloists ganbera orkestrak osatzen dutenaren esku, hain zuzen.
Hiru egun beranduago, Euskal Herriko Gazte Orkestrak bere 25. urteurrena ospatuko du Musika Hamabostaldiko egitarauaren barruan. Horretarako Gustav Mahler konpositorearen sorkuntza lan anbiziotsuenetako bat aukeratu dute, berebiziko orkestra eta koral organikoa eskatzen duena.
2022an Musika Hamabostaldiak XX. mendeko euskal konpositore garrantzitsuenetako bat ohoratuko du, Pablo Sorozabal donostiarra, bere jaiotzaren 125. urteurrena ospatzen den honetan. Bere musika jaialdiko hainbat kontzertutan entzun ahal izango da. Horietatik garrantzitsuena Kursaalen ospatuko da abuztuaren 7an: La tabernera del puerto zarzuela ezaguna kontzertu bertsioa emango dute.
Pandemiagatik azken bi urteetan ospatzerik izan ez, eta Aste Nagusiaren atarian jaialdiaren egitaraura itzuliko da opera eszenaratua, abuztuaren 12 eta 14an egingo diren bi emanaldirekin. Belcantoaren bi gaualdi handi izango dira, errepertorio horretako izenburu ezagun eta zailenetako batekin: Gaetano Donizetti konpositorearen La Fille du Régiment. Musikari italiarraren idazkera bokalari nazioarteko sona duten bi donostiar abeslarik egin beharko diote aurre: Xabier Anduaga tenorrak, 2019ko Operalia sari garrantzitsuaren irabazleak, eta Elena Sancho-Pereg sopranoak.
Aipatutakoa ez da izango Kursaaleko egitarauko operari lotutako hitzordu bakarra, izan ere, Euskadiko Orkestra eta Andra Mari Abesbatza George Gershwin konpositorearen musikara hurbilduko dira bere bi lanik ezagunenetarikoak direnekin: Rhapsody in Blue entzutetsua eta Porgy & Bess opera, lan horietako koru ezagunenen hautaketarekin.
Abuztuaren 21etik aurrera helduko dira nazioarteko orkestrak jaialdira. Egun horretan bertan Frankfurteko Irrati Orkestra ariko da. Abuztuaren 23an Hamabostaldiak belaunaldi berriko zuzendari nabarmenenetako baten bisita jasoko du. Václav Luks klabezinista eta zuzendaria da bera. Donostiara helduko da Europa berarekin batera zeharkatzen ari diren bi taldeekin: Collegium 1704 Orkestra Barrokoa eta Collegium Vocale 1704.
Munduko orkestra onenetakotzat jo izan den Txekiar Orkestra Filarmonikoa Musika Hamabostaldira itzuliko da Semyon Bychkov titularraren eskutik, elkarrekiko ezberdinak diren bi programari aurre egiteko. Lehenengoa, abuztuaren 26an, Gustav Mahlerren 7. sinfoniari eskainiko diote.
Egun bat beranduago orkestrarekin bat egingo dute Katia eta Marielle Labèque ahizpek, Evelina Dobračeva sopranoak, Lucie Hilscherová mezzoak, Aleš Briscein tenorrak, Jan Martiník baxuak eta Donostiako Orfeoiak. 83. Musika Hamabostaldia itxiko dute autore bohemiarren festa giroko pieza hautaketarekin:Dvorak, Martinu eta Leos Janacek konpositorearen Misa glagolitiko.
Esteka honetan ikus dezakezue Musika Hambostaldiaren egitarau osoa.