Zer iruditzen zaizue udalak Erdialdean autoak gutxitu nahi izatea?

Ilazki euskaltegiko ikasleek honako galderari erantzun diote: Zer iruditzen zaizue udalak Erdialdean autoak gutxitu nahi izatea?
Cristina Perez (Larraga, Nafarroa)
Niri ondo iruditzen zait neurri hori. Nik uste dut Erdialdera joateko ez dela autorik behar, beraz, ados nago erabakiarekin. Oinezkoak ohituta gaude lehentasunik ez izatera, normalean, zirkulazio guztia autoentzat eta gainerako ibilgailuentzat pentsatuta antolatzen baita. Urte asko daramatzagu autoei lehentasuna ematen, beraz, aldaketa hori ona dela pentsatzen dut, Erdialdea autorik gabeko gunea izan dadin.
Ana Pozas (Altza, Urnieta)
Niri oso ondo iruditzen zait. Uste dut hiriak bizitzeko eta gozatzeko direla, eta, segurunik, Donostia hobeto egongo da neurri hori hartu ostean. Hala ere, esan behar dut beharrezkoa dela garraio publikoaren maiztasuna hobetzea. Inguruko herrietatik etortzeko batzuetan ez dago maiztasun handirik. Nik, adibidez, Donostiatik Urnietara joateko 55 minutu behar izaten ditut autobusean, eta, trenez, aldiz, 20 minutu, baina trenak ez dira oso sarritan pasatzen bertatik.
Nora Burgui (Irunberri, Nafarroa)
Alde batetik, nik uste dut oinezkoentzat lekua berreskuratzea oso interesgarria dela. Baina, era berean, udalak hiriko garraio publikoa hobetu beharko lukeela ere uste dut; edo, gutxienez, prezioak merketu beharko lituzkeela. Uste dut nahiko garestia dela Donostian garraio publikoa erabiltzea, nahiz eta txartelarekin merkeagoa izan. Prezioak merketuz gehiago erabiliko litzateke garraio publikoa.
Itziar Rubio (Morlans)
Niri garrantzitsua iruditzen zait trafikoa murriztea ingurumena zaintzeko, eta, bereziki, gure osasunaren mesedetan. Baina uste dut beharrezkoa dela prozesu mailakatu bat diseinatzea, jendea egokitu ahal izateko. Horrez gain, ezinbestekoa da bizikleta publikoen zerbitzua hobetzen jarraitzea, udalaren bizikletak erabiltzea ere garestia delako.