Zirku bat, txinpantze bat eta sugegorri bat
1934ko abuztuan, zirku aleman bat etorri zen Donostiara, donostiarrak eta bisitariak entretenitzera. Zeresana eman zuen hirian, baina ez soilik bere ikuskizunengatik.

Garai batean, arrakasta handia zuten animaliadun zirkuek, eta halako batek, Carl Hagenbeck zirku alemanak, Donostia bisitatu zuen 1934ko abuztuan; Amaran egon zen. La Voz de Guipuzcoa hedabideak zirkuarekin lotutako bi gertaera bitxi jaso zituen orduan, eta Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak berriki berreskuratu ditu Donostiando blogean.
Juanitaren ihesa
Aipatu hedabideak abuztuaren 14an kontatu zuenez, zirkuko bi txinpantzeek, Juanitak eta Pedrok, egunero paseo bat eman ohi zuten zirkuaren instalazioetatik, euren zaintzailearekin. Ordea, abuztuaren 13ko paseoa desberdina izan zen, Juanitak zaintzailearen eskuetatik ihes egitea lortu baitzuen, eta salto batekin zirkuko eremutik atera zen. Inguruko parke batera joan zen, eta zirkuko langile guztiak atzetik joan zitzaizkion.
Juanita, aldiz, bere jarraitzaileak baino biziagoa zen, eta Amarako geltokiaren inguruko kalezulo batetik desagertu zen. Kronikak dioenez, 500 bat pertsona ibili ziren tximinoaren bila, Amarako kaleetatik. Ordea, Juanitak atari batean sartzea lortu zuen, etxebizitza bateko patiora iritsi zen, eta leiho batetik “Leandra andrearen” etxebizitzara sartu zen: “Oihuka atera zen kalera, ziur aski, King Kongek bisita egin ziola pentsatuz”, dio kronikak. King Kong filma modan zegoen orduan, jatorrizko filma 1933koa baita.
Une hartan, zirkuko hainbat langile eta zirkuko arduraduna, Guillermo Dierssen, Leandraren etxearen ingurura iritsi ziren, eta txinpantzea harrapatzea lortu zuten. Kronikak dioenez, “tximua zirkura eraman zuten, eta han pozaren pozez hartu zuen bere lagun Pedrok”.
Sugegorri ustela
Abuztuaren 22an, dagoeneko zirkua hirian ez bazegoen ere, berriz ere zeresana eman zuen La Voz de Guipuzcoa-n: “Atzo goizaldean, Zurriolatik paseatzen ari ziren herritar batzuek kiratsa sumatu zuten. Ikusi ahal izan zuten bi metro baino gehiagoko suge handi bat –sugegorri amerikar bat, antza–, ustelduta, lurrean zegoela”.
Dirudienez, sugea zirkukoa zen, baina Donostian hil zitzaien, eta Urumea ibaira bota zuten. Ordea, norbaitek ikusi eta ibaitik atera zuen, Zurriolako espaloian uzteko. Han usteltzen ikusi zutenek, itsasora bota zuten suge hila.
Leandrak eta sugea aurkitu zutenek, behintzat, bilobei zer kontatu izango zuten handik aurrera.