Dbusen udako zerbitzuak San Joan bezperan hasiko dira
Hilaren 23an, San Joan bezperarekin bat eginez, Dbusek udako zerbitzuak abian jarriko ditu abuztuaren 31ra bitarte. Horrekin lotura, Helmuga: uda kanpaina aurkeztuko dute laster. Helburua da garraio publikoaren erabilera sustatzea, hirian desplazamenduak modu iraunkorrean egiten laguntzeko.
Dbusek auzoetara dituen autobus zerbitzuen ordutegiak luzatuko ditu eta Gautxoriak 01:00ak arte egongo dira Bulebarrean. Ordutegi guztiak hemen kontsultatu daitezke.
Udan autobusek beranduago egingo dituzte azken irteerak, eta asteko egun guztietan zerbitzuak beranduago bukatu dira. Ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan gautxori aurreko ohiko zerbitzuak egongo dira. Gautxori aurreko zerbitzuak dira eguneko lineen azken zerbitzuetatik (gutxi gorabehera 22:00etan) Gautxoriak hasten diren arte (gutxi gorabehera 00:15ean) ematen direnak. Hau da, zerbitzu batzuk besteekin lotzen dituztenak.
Bestalde, Gautxori zerbitzu gehiago egongo dira ostiraletan eta larunbatetan. Goizaldeko 04:00etan amaituko dira, ostiral, larunbat eta jai bezpera guztietan. Autobus horiek Bulebarretik aterako dira.
Urgulleko mikrobusa
Ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte, egunero, Dbusek mikrobus zerbitzua eskainiko du Urgullera, 39-Urgull linearekin. Zerbitzua egunero ibiliko da, Aste Nagusian eta aurreko zein ondorengo egunetan izan ezik, Pasealeku Berrian barrakak instalatuko direlako. Irailean, zerbitzua asteburuetan emango da berriro, Estropadetan izan ezik. Zerbitzuak 30 minutuan behin izango dira, 11:00etatik 13:30era bitartean goizetan eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldeetan.
Zerbitzu bereziak udako ekitaldietarako
Aparteko autobus zerbitzuak egingo dira hirian udan egin ohi diren ekitaldietarako (Jazzaldia, Aste Nagusia, kontzertuak eta abar). Informazioa ekitaldi bakoitzean emango da bereziki.
Maiztasun handiagoa 24. eta 27. lineetako autobusetan
Ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte, jaiegunetan 24-Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo eta 27-Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros lineetan autobusak 30 minutuko maiztasunez ibiliko dira, izan ere, hil horietan asteko egun guztietako ordutegiak bateratuko dira.
Zerbitzu hobea Igeldora
Pasa den ekainaren 1etik aurrera, 16 linearen zerbitzuak maiztasun handiagoz emango dira, ohiko erabiltzaileen eta turista eta bisitarien garraioa errazteko. 10:05etik 21:05era bitartean zerbitzu gehiago emango dira, denbora tarte horretan zerbitzuen maiztasuna 20 minutukoa izango baita. Ekainaren 23tik aurrera, osteguna eta abuztuaren 31ra arte, asteazkena, 16 lineak zerbitzu gehiago emango ditu Gipuzkoako plazatik, 23:05ean eta 0:00etan beste bi irteera gehiagorekin.
Era berean, ekainaren 23tik abuztuaren 31ra arte Igeldok autobus zerbitzua izango du gauean, ostiral, larunbat eta jai bezperatan, B7-Igeldo Gautxoriarekin. 01:00etan eta 02:00etan aterako da Bulebarretik, eta Kontxa pasealekutik joango da zuzenean Igeldoraino eta kanpineraino.