Familiei esker ona adierazi die Ongi Etorri Eskolara egitasmoak
Ongi Etorri Eskolara proiektuak Familia Laguna programaren 2021-2022 ikasturtean parte hartu duten familien omenezko ekitaldia egin zuen atzo, Donostiako Aquariumean. Familiek ikasturtean zehar egindako borondatezko lana eta programari esker eskolan sortu dituzten kulturarteko harremanak aitortu zituzten.
Donostiako Udaleko Kultura Aniztasuneko Departamentuaren egitasmo bat da Ongi Etorri Eskolara. Aldiz, Familia Laguna programa familiei zuzendutako kulturarteko akonpainamendu programa bat da, hezkuntza esparruan eta esparru komunitarioan garatzen dena eta beste herrialde batzuetatik etorri berriak diren familiak adin bereko seme-alabak dituzten tokiko familiekin harremanetan jartzen ditu.
Aurten, 200 familiak parte hartu dute programan. Hiriko zazpi ikastetxetako familiek parte hartzen dute: Aitor ikastola, Intxaurrondo ikastola, Zuhaizti eskola, Maria Reina eskola, Amara Berri eskola, Orixe ikastola eta Jakintza ikastola.