Kaleko afari solidarioak jasotzen dituzten herritarren ia %60ak 30 urte baino gutxiago ditu
Donostiako Udalak Parte Zaharreko eta Egiako kaleko afari solidarioak jasotzen dituzten herritarren inguruko azterketa egin du, euren profila ezagutzeko eta "eskaintzen zaien arreta hobetzeko".
2020ko azaroan, Parte Zaharreko bizilagun gutxi batzuk Konstituzio plazan lo egiten zuten pertsona talde txiki bati afari beroak eramaten hasi ziren. Afari bero baten beharra zuten gero eta pertsona gehiago hasi ziren Konstituzio plazara joaten, eta boluntario kopurua ere handitzen joan zen. Beharra handia zela ikusita, 2021eko martxoan beste boluntario talde bat osatu zuten Egian; iazko azaroan boluntarioek emandako datuen arabera, Parte Zaharrean 35 afari banatzen dituzte batez beste egunero, eta Egian, aldiz, batez beste 65 afari egunero. Berriki, beste boluntario talde bat sortu dute Amara Berrin. Dagoeneko, 50.000 afari banatu dituzte. Horrez gain, hirian badaude etxerik gabeko pertsonentzako otorduak banatzen dituzten beste egitasmo edo erakunde batzuk ere: udalaren Otorduak programa, Caritas, Gurutze Gorria eta Jatorkin elkartea, nagusiki.
Testuinguru horretan, udaleko Gizarte Ekintza sailak, Lotura Giza Garapena enpresaren bidez (LGG), otorduak jasotzen dituzten pertsonen inguruko azterketa egin du, Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, “hirian egiten ari diren jarduerak aztertzeko eta horien ezaugarriak ezagutzeko, egitasmo horietan parte hartzen duten taldeekin ondorioak partekatzeko eta horien onura jasotzen duten kolektiboei eskaintzen zaien arreta hobetzeko”. Horrela, LGG-k otsailean, martxoan eta apirilean Egiako eta Parte Zaharreko boluntario taldeen afariak jasotzera joan diren herritarrekin egin du azterketa.
San Romanek azaldu duenez, guztira 136 lagunek jaso dituzte afariak bi gune horietan, eta “denak” elkarrizketatzeko asmoa bazuten ere, 97 elkarrizketatu ahal izan dituzte azkenean, talde osoaren %71,32. Zinegotziak nabarmendu du elkarrizketatutakoen %100a gizonak direla eta etxegabetasun egoeran daudela. “%78,3 hiriko kaleetan bizi da, eta bertan igarotzen du gaua. Nabarmentzekoa da, gainera, adinez gazteak direla: %58,76 18 eta 29 urte artekoa da, eta %29,90 30 eta 44 urte artekoa”.
Bestalde, San Romanek azaldu du elkarrizketatutako herritarren gehiengoa, %91,76a, jatorri magrebtarrekoa dela, eta “ia erdiak” ez duela gaztelaniaz hitz egiten; “hori zailtasun bat izan da”, gehitu du zinegotziak. Bestalde, nabarmendu du “joan etorriko biztanleria” dela, eta hori ere zailtasun bat dela: “%72ak sei hilabete edo gutxiago daramatza Donostian, %88ak urtebete baino gutxiago eta %35ak hiru hilabete baino gutxiago. Asko mugitzen den kolektibo bat da, eta integrazio lanak asko zailtzen ditu horrek”. Era berean, zehaztu du %58a estatuko beste hiri batzuetan egondakoa dela. “Joan etorriko biztanleria edo errotze sentimendu ahula duena dela ondorioztatu daiteke”. Horrez gain, adierazi du elkarrizketatuen “%70ak fitxa soziala irekita” duela Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuetan, eta pozik agertu da datu horrekin.
10etik 8k gosaltzen edo bazkaltzen dute
San Romanek emandako datuen arabera, elkarrizketatutako hamar herritarretik zortzik hainbat lekutan gosaltzen edo bazkaltzen dute, eta, beraz, otordu bat baino gehiago izaten dute egunean: %32ak Gurutze Gorriak emandako gosariak kontsumitzen ditu, %15ak kalean gosaltzen du eta %16ak ez du gosaltzen. %20ak ez du zehaztu non gosaltzen duen, %7ak Caritasen gosaltzen du eta %6ak Jatorkinen –Tolosaldeko etorkin magrebtarrak integratzeko elkartea da, egoitza soziala Tolosan eta Donostian duena–. Bazkariei dagokienez, %23,7a Jatorkinera joaten da, %8,2a Gurutze Gorrira eta Caritasera, %16,5ak udalaren Otorduak programari esker bazkaltzen du eta %15ak ez du bazkaltzen.
Bestalde, Otorduak programari buruzko zenbait azalpen eskaini ditu zinegotziak; beharra duten pertsonei hiriko hamahiru ostalaritza establezimendutan eguerdian otordu bero bat, ogitarteko bat edo tuper bat eskuratzeko aukera ematen dien programa da Otorduak. Gogorarazi du 2021ean abiatu zutela programa hori, “37.500 euroko inbertsioarekin eta 58 onuradunekin”. Gaineratu duenez, “2022aren hasieratik gaur arte, programak 116 erabiltzaile ditu, eta 83.500 euroko inbertsioa” egin dute. Erabiltzaileen batez besteko bertaratze tasa %63,45ekoa da, eta programak dituen 61 plazetatik 51 daude beteta, itxaron zerrendarik gabe. Otorduak programari buruz, zinegotziak zera zehaztu du: “Programaren erabiltzaile izateko ez da ezinbestekoa erroldatuta egotea, baina bai errotzea, eta hirian geratzeko aukerak eta borondatea adieraztea”.
Bestalde, San Romanek azaldu duenez, elkarrizketatuen %75a egunero joaten da afariak jasotzera eta %10a astean hiruzpalau egunez joaten da. Era berean, %5a Caritasera joaten da “oinarrizko elikadura beharrak asetzera”, eta %3ak Otorduak programa erabiltzen du.
Irtenbideak
San Romanek adierazi du kaleko afarien sustatzaileekin “partekatutako konponbideak” bilatuko dituela, baina ez du irtenbide zehatzik aipatu, Otorduak programa “sendotu” behar dutela aipatzetik harago, nahiz eta aitortu duen moduan, programa hori ez den kaleko afariak jasotzen dituzten herritar guztietara heltzen. San Romanek nabarmendu du azterketaren helburua kaleko afariak jasotzen dituzten herritarren profila definitzea zela, “zaila delako norbait laguntzea, ez badakizu nor den edo zein egoeratan dagoen”. Otorduak programa denengana ez iristeko arrazoiei buruz, hiru hipotesi aipatu ditu zinegotziak: “Alde batetik, jendearen parte batek badaki Donostian aurkitu dezakeela beste nonbaiten aurkituko ez duen zerbait [kaleko afariak]. Bestetik, %92a jatorri magrebtarrekoa dela ikusita, kaleko afarietan biltzea lagunekin egoteko momentu bat izan daitekeela. Eta, azkenik, badago beste aukera batzuk dituen jendea, baina, horrela ere, afari hauetara joatea erabakitzen duena. Ez dugu informazio zehatzagoa lortzerik izan, baina hiru hipotesi horiek ditugu”.
Azterketa egiteko garaian boluntarioekin harremana izan ote duten galdetuta, zinegotziak azaldu du “bilerak” egin dituztela boluntarioekin, eta baita Udaltzaingoarekin eta inguruko ostalaritza establezimenduekin ere. Ordea, Parte Zaharreko boluntario Agus Rodriguezek hedabide honi azaldu dionez, LGG-koek esan zieten datuak publiko egin aurretik boluntario taldeei erakutsiko zizkietela, baina ez dutela halakorik egin; hain zuzen ere, Rodriguezek zehaztu du gaur arratsaldean bilduko direla boluntario taldeetako ordezkariak udaleko ordezkariekin, datuak ezagutzeko.
Bestalde, kaleko afari solidarioei buruz galdetuta, “horrelako elkartasun olatu bat sortzea oso albiste ona” dela adierazi du, baina udalak “integrazioa” bilatzen duela: “Pobreari jaten ematearena ez da udalaren gizarte zerbitzuen modeloa, iruditzen zaigu modelo zaharrago bat dela”. “Jende batekin hitz eginda, esaten dizute kaleko afaririk gabe ez daukatela egunean beste otordurik izateko aukera; hori ez da egia, hamarretik zortzik beste gosaltzen edo bazkaltzen baitute, baita ere. Hala ere, boluntarioen helburua laguntzea dela uste dut, eta hori oso ona iruditzen zait”.
Horrez gain, zinegotziak bi eskaera egin dizkie beste erakundeei: “Ea Atzerritarren Legea erortzen den. Eta, ea egunen batean gainerako udalerriek ere legea betetzen duten edo Donostian egiten duguna kopiatzen duten, kalea uzteko diru laguntzak emateko aukera denon esku baitago. Eta lan egiteko aukerak lurralde osoan daude, ez soilik Donostian”.