"Ezinegona eragiten duen zerbait sortzea gustatzen zait"
Miguel Balliache (Venezuela, 1973) artistaren obrak Andoaingo Bastero kulturgunean daude ikusgai uztailaren 2ra arte, Bibrak izeneko erakusketan. Katapulta Plataformak sustatu du, Bastero kulturgunearen kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. 2003an Donostian finkatu zen artista plastikoa, eta bertan bizi eta lan egiten du margolari eta eskultoreak, Egiako Virgen del Carmen kalean duen lantegian. Aita Venezuelakoa eta ama donostiarra dituen artista honek Miami, Bilbo, Dublin, Donostia eta Caracasen erakutsi ditu bere obrak, besteak beste. Venezuelako Unibertsitatean 1998an Arkitekturan graduatu ostean, eskultura, pintura, grabatua, argizari eta bitxigintzaren fundizio tailer desberdinek osatu zituzten bere ikasketak. Erakusketaren harira, IRUTXULOKO HITZAn elkarrizketatu dugu Balliache.
Arkitektoa zara izatez. Nola bideratu zenuen zure ibilbidea artearen mundurantz?
Ni beti izan naiz artista, baina Arkitektura ikasteko erabakia hartu nuen, serioena zelako. Arte Ederrak ikastea ahulagotzat hartuta zegoen, eta gogoratzen dut batxilergoa amaitu nuenean, nire gurasoen lagunek, arte irakasleak zirenak, Arkitektura ikastea gomendatu zidatela. Arte guztien ama bezala da, eta ondoren artearen munduan lan egin nahi banuen, oinarri sendoa izango nuela esan zidaten.
Nolako artea sortzea atsegin duzu?
Ezinegona eragiten duen zerbait sortzea gustatzen zait. Motibatzailea izatea gogoko dut, eta jendeari zer pentsatua ematen diona. Nire lana zerbait definitua ez izaten saiatzen naiz, bakoitzak bere eran ulertzeko aukera izan dezan. Bakoitzaren iruditeriaren arabera, nire lanek esanahi bat edo beste izan dezakete.
Nolako lanak egiten dituzu?
Margolanak, zeramika eta eskulturak egiten ditut. Horrez gain, bitxigintzan ere aritu izan naiz. Egia esan, niretzat bitartekoa ez da garrantzitsuena, obrak kontatzen duena baizik.
Zein teknika erabiltzen dituzu?
Pinturan akrilikoa eta olioa erabiltzen ditut, baina olioari lehortzea gehiago kostatzen zaio, eta niri margolanak azkar egitea gustatzen zait. Horretarako, akrilikoak askoz hobeto funtzionatzen du. Bestalde, zeramika unibertso bat da, eta gauza desberdin ugari egiten ditut.
Noiz hasi zinen artearen munduan?
Hamabost urterekin hasi nintzen margotzen, batxilergoan nengoenean. Txikitatik gustatu izan zait erakusketak ikustera joatea. Igandetan Caracasen museoak doakoak ziren, eta plan ezin hobea zen niretzat. Batez ere, museoetara joateak nola sentiarazten ninduen gustatzen zitzaidan: aire girotuarekin artelanei begira egotea sekulakoa zen.
Ordutik, nola eboluzionatu dute zure obrek?
Batez ere, tamainari dagokionez aldatu direla esango nuke. Orain, askoz gauza handiagoak sortzen ari naiz hasieran baino. AEB-tan bizi nintzenean, Miamin, ez nuen lantegirik, eta etxeko sukaldean aritzen nintzen lanean. Obra txikiak egin nituen han, toki faltarengatik. Orain, ordea, lantegiak gauza handiagoak egiteko aukera ematen dit.
Zeramika eskolak ere ematen dituzu hemen. Arrakastatsuak al dira?
Bai, egia esan, zeramika oso modan dago. Pandemiaren ostean, mundu guztia sorkuntzarekin lotutako jarduerak egin nahian dabil, norberaren barneko mundua garatzeko, nolabait. Donostian ez dago zeramika eskolak jasotzeko aukera askorik, eta animatu egin nintzen. Horrela, nik ere zeramikarekin egiten dudan lanari jarraipena emateko aukera daukat. Egia esan, ez naiz ikasleek egiten duten lanari begira egoten den irakasle horietakoa, izan ere, beraiekin batera nik ere piezak sortzen ditut. Oso giro ona dugu gure artean.
Nolako jendea etortzen da zeramika eskoletara?
Diseinatzaile grafikoak, erizainak, ile-apaintzaileak… denetarik. Jende sortzailea da, deskonektatzeko espazio bat bilatzen duena. Zeramika zerbait intimoa da, buztinarekin lanean kontzentratuta zaudelako. Egia esan, normalean, asteartetan gehiago hitz egiten dugu elkarren artean eta asteazkenak serioagoak dira. Baina jendearentzat askatzeko gune bat da lantegia, eroso egoteko leku bat. Gainera, eskolen ostean atsedenaldi bat egiten dugu eta garagardoak edaten ditugu. Lagun talde bat sortu dugu azkenean, kuadrilla bat garela esan daiteke.
Zer konta diezagukezu Andoaingo ‘Bibrak’ erakusketaren inguruan?
Andoaingo erakusketarako emozioa sortzen duten piezen hautaketa bat egin dut. Jendeari nolabaiteko kalanbrea eragiten dioten obrak direla esango nuke. Azken lau urteetan egin ditudan obrak daude ikusgai, eta pandemian zehar egin nituen lan batzuk ere jarri ditut. Zeramikaz egindako buru txuri batzuk dira, konfinatuta geundenean sorturikoak. Gainera, erakusketa batean jarri nituen artelan handi batzuk ere badaude, baina erakusketa hori 2020ko martxoaren 5ean inauguratu genuen, eta 13an etxera bidali gintuzten. Beraz, inork ez zuen ikusi erakusketa hori. Orain dago horretarako aukera.
Nolakoak dira aukeratutako obra horiek?
Niretzako inpaktu berezia dute. Adibidez, obra batzuk esanahi politikoa dute, nire herrialdeko egoerarekin lotura dutenak. Normalean ez dut gai politikoekin lan egiten, baina gogoa nuen Venezuelari buruzko pieza batzuk sortzeko. Bestalde, lantegiaren inaugurazioaren promozioa egiteko sortu nituen serigrafia batzuk ere jarri ditugu bertan. Andoainen dauden artelan gehienak salgai daude.
Bisita gidatuak egingo dituzue?
Ez, inauguratu genuenean egin genuen bat, baina ez ditugu gehiago antolatu. Hala ere, norbaitek zalantzarik badu lasai galdetu diezadake.