Donostiako suhiltzaileak Nafarroako suteak itzaltzeko lanetan laguntzen ari dira
Nafarroako sute larriak direla eta, Donostiako suhiltzaileak bertan ari dira lanean igandetik. Bost suhiltzaile abiatzen dira Donostiako parketik, hamabi orduko txandak egiten dituzte han, eta Donostiara itzultzen direnean, beste bost abiatzen direla jakinarazi diote Donostiako Suhiltzaileek hedabide honi. Horrez gain, T-6 kamioia eta 4×4 laguntza ibilgailua ere eraman dituzte. SOS Deiaken bitartez koordinatu da laguntza, eta dagoeneko lau txanda egin dituzte, beraz, guztira Donostiako 20 suhiltzaile aritu dira lanean orain arte.
“Nafarroako udalek laguntza eskatu zuten, eta hemen libre genituen langileak boluntarioki joan ziren bertara. Zerbitzu hori mantentzea erabaki genuen, beharrezkoa zela iruditzen zitzaigulako”, adierazi dute. Larunbatean eta igandean, lanaldia “oso oso gogorra” izan zela azaldu dute: “Dena sutan zegoen, eta Agintaritza Postuko arduradunak bertan zeudenez, beharren arabera esparruak banatzen ari ziren. Suhiltzaileek leku batetik bestera joan, herri txikiak babestu eta suebakiak egin behar izan dituzte. Hori han daudenek antolatzen dute, esparru bakoitzeko beharren arabera”.
Goizeko txandakoak 06:30etan ateratzen dira Donostiako parketik, eta, arratsaldekoak, 18:30ean. Gaur gauean lanean aritu direnek “lan dezente” izan dutela jakinarazi dute, 04:00ak arte ez baitira gelditu ere egin. Hortik aurrera “lasaiago” egon direla nabarmendu dute. “Egoerak nola eboluzionatzen duen ikusi beharko da, izan ere, suposatzen da orain bero gutxiago egiten duela eta esango digute ea gauean beste errelebo bat egin beharko dugun edo ez”, esan dute.