"Iristen ari ginenean, soro pila bat erreta ikusi ditugu"
Donostiako suhiltzaileen parkeko suhiltzailea da Julen Fernandez, eta, jakinarazi du une honetan Nafarroako Olleta herriaren inguruan ari direla lanean, bertan su foku bat dagoelako. Tarte bat hartu, eta elkarrizketa txiki bat eskaini dio IRUTXULOKO HITZAri.
Zein ingurutan zaudete orain? Nolakoa da egoera bertan?
San Martin de Unx-en geratu gara, eta bertan Euskadi osoko suhiltzaileak bildu gara: Donostiakoak, Bilbokoak, Arabakoak, Gasteizkoak eta Bizkaikoak. Hortik Olletara mugitu gaituzte. Orain bertan gaude, hemendik gertu foku bat aktibo dagoela esan digute, eta begiratzen ari dira ea nondik gelditu eta eraso egin dezakegun. Fokutik nahiko urrun gaude, baina esaten ari dira ez dutela oso argi, haizeak eragin handia baitu. Diotenez, arratsaldean haize gehiago egongo da, eta, agian, suteak ipurdia agerian dugula utzi gaitzake. Beraz, oso era prebentiboan jokatzen ari gara, eta itxaroten ari gara oraingoz, ea zerbait esaten diguten eta mugitzen hasten garen. Tentsioan gaude apur bat, ke pixka bat dago leku guztietan. Iristen ari ginenean, soro pila bat erreta ikusi ditugu eta horrek, azkenean, behe-laino moduko bat sortzen du.
Zenbat suhiltzaile zaudete une honetan?
Donostiako parketik bost etorri gara, eta beste parkeetako suhiltzaileak ere ari dira lanean. Bonbak ekarri ditugu, basoko sute batentzat horiek baloratzen direlako gehienbat. Tankeak dituzten ibilgailuak behar dira, ez hainbeste, ordea, eskalak dituztenak. Bonbak eta 4×4 ibilgailuak erabiltzen ari gara.
Gauean beste txanda bat egin beharko dela aurreikusten duzue?
Herenegun egun osoan aritu ziren lanean, eta atzo Donostiatik bost pertsona bidali zituzten. Herenegun lanean aritu zirenak Donostiako parkeko suhiltzaile batzuk ziren, baina beraiek nafarrak dira izatez. Hemen zeuden dagoeneko, eta lanean hasi ziren, baina estraofizialki. Atzo beste batzuk aktibatu zituzten 18:00etan etortzeko, eta gaua bertan pasatzeko. Hemen egon dira gau osoa, eta guk erreleboa egin diegu. Parkean 06:30ean geratu gara, eta hona 08:00ak aldera iritsi gara. Besteak Donostiara itzuli dira deskantsatzera, gau osoa lanean igaro ostean. Gu 21:00ak edo 22:00ak arte geratuko garela uste dugu, baina ez da ziurra, egoeraren arabera aldatu egin daitekeelako.
Nolako lana da zuentzat? Aspaldi ikusi duzuen kasu larrienetariko bat da?
Batez ere, ezohiko zerbait da. Basoko suteak gertatzen dira, baina hainbeste zerbitzu aktibatzeko laguntza eskatzea nahiko ezohikoa izaten da. Eta lan motari dagokionez, denbora luzez itxaroten egotea tokatzen zaigu, erre usaina denbora guztian dago, eta itzaletan itxaron behar dugu, ahalik eta ondoen elikatuz eta ura sarritan edanez. Hortik aurrera, aktibatzen gaituztenean, esaten diguten ingurura joan behar dugu, eta esaten diguten lana egin. Batzuetan eraso zuzenak izaten dira, bestetan prebentzio lanak egin behar izaten ditugu, eta suebakiak ere bai.
Donostiako parkeko suhiltzaileek hartutako irudiak ikus ditzakezue argazki bilduma honetan: