Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke sarituko ditu 57. Jazzaldiak
Donostiako 57. Jazzaldia heltzear da (uztailaren 20tik 25era egingo dute), eta jaialdiaren aurkezpen ofiziala egin dute Miguel Martin zuzendariak, Eneko Goia alkateak eta Esther Fernandino Txikijazzaren arduradunak. Besteak beste, aurtengo Jazzaldiak sarituko dituen musikariak zeintzuk izango diren argitu dute: Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke sarituko dituzte, “jazzean egin duten ibilbide oparoarengatik eta luzearengatik”.
Amina Claudine Myers pianista, organista, abeslaria, konpositorea, aktorea eta hezitzailea da, eta hamarkadak daramatza jazzaren munduan murgilduta. Hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, eta musikari handi askorekin kolaborazioak egin ditu: Archie Sheppekin, Charlie Haden’s Liberation Orchestrarekin, James Blood Ulmerrekin, Lester Bowierekin eta Bob Stewartekin, besteak beste. Mulatu Astatke etiopiarra, bestalde, jazzaren munduko musikari ezagunenetako bat da, 60ko hamarkadan abiatu baitzuen bere ibilbide oparoa; bibrafono jotzaile eta konpositore handia da.
84 kontzertu, hamalau agertoki
Guztira, 84 kontzertu izango ditu 57. Jazzaldiak, hamalau agertokitan banatuta; 54 kontzertu doakoak izango dira, 21 tokiko taldeenak, hamar familientzako izango dira, zortzi JazzEñe zikloaren barrukoak eta lau Katapulta zirkuitukoak. Bestalde, agertokiak honakoak izango dira: Trinitate Plaza, Keler Gunea (Zurriola hondartza), Kursaal Auditorioa, Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa, Frigo Gunea, Fnac Gunea, Chillida Leku, Kutxa Kultur Tabakalera, Club Aretoa, Nauticool, Forum Fnac eta bi agertoki Garberan.
Nazioarteko izar ugarik joko dute Donostian, tartean Jazzaldian azken urteotan jo duten hainbatek. Hain zuzen ere, Gregory Porterrek, Iggy Popek, Diana Krallek, Herbie Hancockek, Leon Benaventek, Hiromik, Steve Colemanek, Benny Greenek, Bruce Barthek, Ben Lamar Gayk, Louis Colek, Miho Hazamak, Curtis Hardingek, Craig Tabornek, Sofiane Pamartek eta Marco Mezquidak joko dute, besteak beste. Egitarau osoa hemen ikusi eta deskargatu dezakezue. Ordainpeko emanaldietako sarrerak Jazzaldiaren webgunearen bidez erosi daitezke.
Bestalde, Txikijazzak hamar urte beteko ditu aurten, eta askotariko kontzertuak eskainiko dituzte Garberan, Chillida Lekun, Fnac Gunean eta Kutxa Kultur Tabakaleran. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Aipatzekoa da, halaber, Jazzaldian streaming bidez eskainiko dituela jaialdiko hamalau kontzertu, emanaldietara joaterik ez dutenek ere musikaz gozatu ahal izateko. Zehazki, Trinitate plazako bost kontzertu eskainiko dituzte streaming bidez, eta Viktoria Eugenia antzokiko bederatziak. Jazzaldiaren Youtubeko kanalean egingo dituzte zuzenekoak.
Horrez gain, Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloa seigarrenez antolatu du, Jazzaldiarekin batera. Jazzinema hazi egingo da 2022an, bai proiekzio kopuruan, bai egoitza kopuruan.
Kartela, NFT formatuan
Berritasun gisa, aurten, Jazzaldiko kartela NFT formatuan ere eskuragarri jarri dute; zehazki, 57 kopia jarri dituzte jaialdiaren webgunean, doan. Pertsonako kopia bat eskatu daiteke, baita NFT bat zer den eta nola funtzionatzen duen jakiteko informazioa kontsultatu ere. Bakarts startup donostiarraren eskutik jarri dute kartela NFT formatuan. Aurtengo kartela Ane Pikazak egin du, eta Jazzaldiaren Besarkada du izena.