Egitarau zabala prestatu dute Donostian Sexu Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Egunaren harira
Ekainaren 28ko Sexu Askatasunaren Aldeko Nazioarteko Eguna dela eta, Donostiako asanblada transbollomarikak egitarau zabala prestatu du aste honetarako eta hurrengorako. Egitarauko jardueretan parte hartzeko izen-emateak donostikoorditransmaribolloa@gmail.com helbidera idatziz egin behar dira.
Ekainaren 25ean, 12:00etan, Gipuzkoako ODS/GEB, Gizarte Eskubideen Bulegoaren aurkezpena egingo dute, Infernuan. Ondoren, bazkaria egingo dute 14:00etan, eta, jarraian, Bollobertsosaioa izango da Haizea Arana, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Maider Arregi bertsolarien eskurik. Ondoren, Hernanira abiatuko dira, bertako kalejira-manifestaziora.
Ekainaren 26an, Trinitate plazan, 13:00etan, Saraua da araua lelopean, bermuta eta koktelak dastatu ahal izango dira.
Ekainaren 27an, Kristinaenean, eta, euria egingo balu Egiako Plaza Haundin, Euskal Herriko Jardunaldi Lodien Aurkezpena egingo dute, 18:30ean. Jarraian, Zer egin erasoekin? Indarkeria LGTBI+foboaren inguruan elkarrekin pentsatuz hausnarketa kolektiboaren txanda izango da, Ehgamen eskutik.
Ekainaren 28an, 19:00etan, Bulebarretik hasita, manifestazioa antolatu dute, Ortzadarra Kursaalean, Biolentzia gure gorputzetan, pobrezia kaleetan lelopean. Jarraian, pandemia osteko topa transbollomarika egingo dute Aurreskun.
Ekainaren 29an, Tobacco Days liburu-dendan, Ene anaia femeninoa liburuaren aurkezpena egingo dute, 18:30ean, Danele Sarriugartek eta Leire Vargasek.
Eta, amaitzeko, ekainaren 30ean, 11:30ean, Dj tailerra eskainiko du Panterita Bombay Kollektif-ek Infernuan. Horretarako izen-ematea magnoliamusika@gmail.com helbidera idatzita egin behar da. Bestalde, 17:00etan, Voguing tailerra egingo da Trinitate plazan, Kiki House Of Anunnakirekin. Bukatzeko, dantzaldia antolatu dute Aurreskun.