Ekialdeko Barrutiaren ereduaz hausnartzeko plan estrategikoa aurkeztu dute
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren proiektua, Altzako Tomasene Kultur Etxean. Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta-Mirakruz auzoek osatzen duten barrutiko organoen egituraren berri eman zieten hurbildu zirenei, eta proiektuaren garapenean orain arte egindako lanak ezagutzera eman zizkieten.
Plan estrategikoaren xehetasunak eman zituzten Martin Ibabe Ekialdeko Barrutiko Batzordeko presidenteak, Kepa Korta Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendariak eta Jon Agirre arkitekto eta Paisaje Transversal enpresako kideak.
Barrutiko batzordea izan zen hurbilketa diagnostikoa egiteko planteamendua luzatu zuena, Donostia 2030 estrategiaren barruan. Zehazki, apirilean aurkeztu zuen Diagnostiko Lantaldeak Plan Estrategikoa egiteko proposamena, eta, ordutik. Paisaje Transversal eragile eta adituak elkarrizketatzen ari da, planaren oinarriak zehaztuko dituen informazioa biltzeko.
Helburuak eta faseak
Ekialdeko Barrutiaren Plan Estrategikoaren helburua da lortu nahi den barruti ereduari buruz hausnartzea eta datozen urteetan bultzatu beharreko ekintza ildoak adostea. Horretarako, ezinbestekoa da etorkizunerako ikuspegi bateratua eraikitzea eta lehen fase honetan, hiru auzoen beharrak, erronkak, zailtasunak eta aukerak identifikatzea.
Plan Estrategikoari dagokionez, zailtasunei aurre egiteko tresna erabilgarri bat sortzeko beharra nabarmendu zuen Agirrek. Gainera, ezartzeko metodologiak eta eragileen inplikazioa definitzea funtsezko alderdiak izango dira Ekialdeko Barrutia eraldatuko duten ekintza ildoak eta proiektuak lantzeko orduan. Kortak, bere aldetik, hiri osoaren garapenean jarri zuen arreta: “Donostiak 2030 Plan Estrategikoa landu du, hurrengo hamarkadarako ekintza ildo eta proiektu nagusiak biltzen dituena. Barrutiaren kasuan, ezinbestekoa izango da auzotarrek lehen unetik parte hartzea, prozesua aberastu dezaten eta auzoaren zuzeneko ikuspegia eman dezaten”.
Analisiaren eta diagnostikoaren lehen fasea uztail amaierara arte luzatuko da, eta udaleko teknikariekin kontrastatu eta diagnostikoa aurkeztu ondoren, uda ostean, esparru estrategikoa, jarduerak, programak eta proiektuak zehazteko faseari ekingo zaio. Ekintza plana eta ebaluazio sistemak 2023aren hasieran aurkeztuko dira, proiektua garatzeko lanei amaiera emanez.
Partaidetza tailerra
Hilaren 30ean Ekialdeko Barrutiko auzotarrei eta gainerako donostiarrei zuzendutako tailer parte hartzailea egingo dute Intxaurrondoko kultur etxean. Bi ordu eta erdiko saioa izango da, eta Paisaje Transversal enpresako arkitekto hirigileek zuzendutako jardueren bidez, espazioen egungo egoera aztertu eta ekintza arlo desberdinak bistaratuko dituzte bertaratuek. Tailerrean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.
Gainera, bertaratzeko aukerarik ez duten pertsonentzat, proiektuaren inguruko herritarren online inkesta aktibatu da, Ekialdeko Barrutiaren etorkizuneko erronka nagusiei buruzko iritzia partekatu dezaten. Tailerraren zein inkestaren helburua, hain zuzen, hiru auzoen errealitateak ezagutzea eta epe labur, ertain eta luzera hobetu beharreko alderdien berri izatea da, haietan bizi diren herritarren zuzeneko testigantzen bidez. “Hausnarketa horiek eragileen ekarpenekin alderatuko dira, eta horren ostean garatuko da hasierako diagnostiko edo argazki orokorra, jarraitu beharreko norabidea definitzen lagunduko diguna”, adierazi du Agirrek.