Saguesen ez dute soilik sua piztuko
Uliako Auzo Elkarteak antolaturiko San Joan sua Saguesera itzuliko da bi urteren ondoren. Hilaren 23an, San Joan bezperan, ez dira sua piztera mugatuko. Hainbat jarduera prestatu dituzte auzotarrekin konpartitzeko. Esaterako, haurrentzako barrakak egongo dira Tomas Alba plazan hilaren 26ra arte.
San Joan bezperako egitarauari dagokionez, Gros eta Ulia-Atogorrieta auzoetako hainbat eragilek parte hartu dute. Horrela, Groseko Jai Batzordeak sardin jana egingo du 19:00etatik 23:00etara. Galizia Etxeak, berriz, Queimada delakoa egingo du 19:30ean, eta Bagera euskara elkarteak loreak banatuko ditu 20:00etan. San Joan suaren kasuan, Uliako Auzo Elkarteak erabilitako papera jasoko du 19:00etatik 21:00etara, eta plastikorik ez eramateko eskatu dute. 21:30ean piztuko dute sua Tomas Alba plazan.
Dantzak ere bere lekua izango du Saguesen. Eskola Dantza Taldeak ikuskizuna egingo du 20:30ean, eta Iratzar taldeak musika eskainiko du 22:30ean, Okendo Kultur Etxeak antolatuta.