Abuztuko lehen hamabostaldian irekiko dute Astiñeneko zubi berriko zirkulazioa
Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriko lanak udalak aurreikusitako azken epean bukatuko dituzte: irailaren 16ean. Dena dela, hedabide batek aurreratu duenez, abuztuko lehen hamabostaldian irekiko dute zubiko zirkulazioa. Udalak informazio hori baieztatu du.
Zubiaren egitura osotasunean kokatuta, bestelako lanak egiten ari dira. Bi aldeetako espaloietan baldosak jartzen ari dira, eta zubi gaineko lurzorua ere egokitzen ari dira. Dena dela, oraindik obra bukatzeko gauza asko falta dira. Esaterako, zubiaren albo banatan joango den pasarela osorik jartzea falta da. Lan horiekin hasi dira, baina ez dute asko aurreratu.
Esan bezala, udalak irailaren 16ra atzeratu zuen zubi berriaren irekiera. Energiaren krisiak eragindako lehengaien garestitzeak, zubiaren egitura jartzeko arazoek eta garabiaren erabilgarritasun faltak eragin zuten azken atzerapena.