Udalbatzak ez ditu babestu Cementos Rezolako sei langile auzipetuak

Cementos Rezolak sei langile salatu ditu, “greba eskubidearen gehiegizko erabilera” argudiatuta, eta uztailaren 7an epaituko dituzte. Egoera honen aurrean, LAB sindikatuko ordezkaritza bat gaur Donostiako Udaleko osoko bilkuran izan da eta langileak babesteko eskatu dio udalbatzari. EH Bilduk presaz aztertzeko interpelazio gisa aurkeztu du, eta soilik Elkarrekin Donostiak babestu. Gainerako hiru udal taldeek, EAJk, PSE-EEk eta PPk, kontra bozkatu dute.
2020ko urtarrilaz geroztik, Cementos Rezola enpresako langileak eta zuzendaritza lan hitzarmen berri bat negoziatzen ari dira. Langileek salatu izan dutenez, ordutik hona lanpostuak suntsitzen ari da enpresa, aldi bakarreko kontratazioak eginez eta azpikontratazioa erabiliz lanpostu horiek betetzeko.
Egoera honen aurrean, enpresa batzordeak hainbat greba egun deitu ditu. Cementos Rezolan 24 orduz egiten da lan, hiru txandatan eta honela, greba orduak txandetan banatu dituzte; lanera joan nahi zuena nahiz azpikontratetako langileak lantokira sartzeko inolako eragozpenik sortu gabe. Hala ere, berriki enpresako zuzendaritzak greba batzordea osatzen duten LAB sindikatuko sei pertsona auzitara eraman ditu.
“Hau guztia oso larria da, eta Rezola izanda udalerriko lantegi garrantzitsuetako bat, ezinbesteko iruditzen zitzaigun herritarron borondatea ordezkatzen duen estamentu batek, udalak kasu honetan, horren inguruko posizio argi bat azaltzea”, adierazi du LABek.
Cementos Rezolako langileak Donostiako Udalera bertaratu dira, uztailaren 7an epaituko dituzten 6 langileak babes ditzan eskatzeko
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) June 23, 2022
Mozioa ez dute jorratuko, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak bakarrik babestu dutelako proposamena
Langileen eskubideak noiz defendatuko dituzte? pic.twitter.com/kRt0cGd5RT