Beharretara egokitutako Plan Orokor bat nahi dute
Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko prozesua abiatu du, parte hartze prozesu batekin. Ordea, Altzako eta Intxaurrondoko eragile ugarik salatu dute prozesua ez dela "benetan parte hartzailea" izan.
Donostiako Udalak martxoan abiatu zuen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berritzeko prozesua, gaur egun indarrean dagoena 2010ekoa baita. HAPO oinarrizko tresna bat da udalarentzat eta, oro har, hiriarentzat; bertan jasotzen da hiriko antolamendu osoa, baita lur guztien kalifikazioak ere. Hau da, hirigintzaren arloan Donostian egiten diren esku hartzeek HAPO dute oinarrian.
Berritze edo berrikusketa prozesua saio publiko batekin hasi zuen udalak, eta parte hartze prozesua abiatu zuen ondoren, herritarren ekarpenak jasotzeko. Ordea, Altzako eta Intxaurrondoko zenbait eragile parte hartze prozesuarekin «haserre» agertu dira —Altza XXI, Herripe, Intxaurdi, IZBE, Lodabe, Osteguna eta Plazandreok elkarteak—, duela aste batzuk plazaratu zuten prentsa oharrean salatu zutenez, «zekena, elitista eta aurretik gidatutakoa» izan delako.
Herrerako Herripe Auzo Elkarteko kide Jose Angel Butx Apaolazak salatu duenez, parte hartze prozesua «itxurakeria» izan da: «Egin behar dutenez, egin dute. Baina, bi bilera izan dira, eta, ondoren, Internet bidezko prozesua. Internet bidez zeinek hartzen du parte horrelako prozesu batean? Zeinek du horren berri? Horregatik, uste dugu auzo guztiarentzako bilera irekiak egin behar direla, herritar guztientzako».
Hori dela eta, ekainaren 7an bilera bat antolatu zuten auzoan, Butxen hitzetan, «herritarrei azaltzeko zer den Plan Orokorra eta nolakoa izan behar den parte hartze prozesua». Horrela, sinadura bilketa abiatu zuten, udalari «prozesu parte hartzaile zabalago bat» eskatzeko.
Borondate falta
«Iruditzen zaigu gauza batzuk ez direla benetan aldatu nahi. Hau da, oso polita da, adibidez, hamabost minutuko hiriaz hitz egitea, baina horretarako aldaketak egin behar dira», nabarmendu du Butxek. Ildo horretatik, udalaren lehenengo bilera irekiko bitxikeria bat gogorarazi du: «Prozesuaren aurkezpena egin zutenek, erdi brometan erdi serio, esan zuten Donostia dagoeneko badela hamabost minutuko hiria. Bueno, alde batetik, ez da hamabost minutuko hiria. Eta, bestetik, kontzeptu horrek esan nahi du zure egunerokoan gertu izango dituzula behar dituzun zerbitzu guztiak, eta horretarako gauzak aldatu behar dira». Butxek gaineratu duenez, «udal gobernuak parte hartze prozesua itxi nahi du udal hauteskundeen aurretik».
Udalaren borondate faltaren beste adibide bat ere jarri du Herripeko kideak: «Aurkezpenean plazaratu zuten kezka bakarra izan zen Auditz Akularren eta Antondegin ez direla garatu Plan Orokorrean aurreikusitako proiektuak. Ez zuten beste kezkarik edo baloraziorik azaldu; dirudienez, beraientzat horiek dira egiteke gelditzen diren gauza bakarrak».
Herritarren kezkak
Altzako eta Intxaurrondoko herritarrek kezka ugari dituzte, aspalditik datozenak: «Uste dugu gure auzoek beste behar batzuk dituztela etxebizitzak baino lehenago: ekipamenduak, batez ere». Izan ere, nabarmendu du gero eta etxebizitza gehiago eraikitzen ari direla, bereziki Altzan: «Joera handitzen ari da. Turismoaren aldeko hiri eredu honek Groseko, Parte Zaharreko eta beste auzo batzuetako jendea alde egitera behartzen du, baina pentsatzen dut udal gobernuak nahiago duela bizilagun horiek Donostian gelditzea, Astigarragara edo Hernanira joan beharrean; horregatik, Altzan eskaintzen die alternatiba, Loiolako Erribera eta Txomiñenea dagoeneko bete dituelako. Ordea, soilik etxebizitzak eraikiz ez dira auzo biziak sortzen, beste gauza batzuk behar dira: ekipamenduak, lotura onak, eta abar». Gaineratu duenez, «etxebizitzak behar dira, noski, baina oreka bat bilatu behar da».
Bestalde, badira ekialdeko auzoetako bileretan beti azaleratzen diren beste kezka garrantzitsu batzuk ere: «Alde batetik, hezkuntza arloko kezka dago, dagoeneko ez baititugu goi mailako ikasketak egiteko zentroak, garai batean bagenituenak. Bestetik, auzoen banaketarena ere beti ateratzen da, 2010eko Plan Orokorrean auzoen mugak zehaztu baitziren, eta, esaterako, betidanik Herrera izan diren eremu batzuk dagoeneko ez dira Herrera: Jose Elosegi hiribidea eta inguruko zona batzuk. Azkenik, Herrera eta Larratxo arteko loturaren gaia ere beti ateratzen da, egungo lotura aspaldikoa baita, eta bide estu bat baino ez da, gainera, puntu kritiko handi bat dena».
Aipatu eragileen aburuz, HAPO-ren berrikusketa «gauza horiek guztiak aldatzeko eta hobetzeko aukera bat» da: «Horregatik, aldarrikatzen dugu benetako parte hartze prozesu bat egitea, behar duen denborarekin, herritarren beharrak benetan entzunda. Izan ere, Plan Orokorra epe luzerako da, hiriaren etorkizuna baldintzatuko duelako hurrengo hamabost urteetan», nabarmendu du Butxek. «Lehen, Plan Orokorrak bulegoetan garatzen ziren, herritarrak entzun gabe. Eta, itxuraz, orain ez da horrela; aldiz, formaz horrela izaten jarraitzen du», gaineratu du.