David Cronenbergek Donostia Saria jasoko du
Zuzendari eta gidoilari kanadarrak 'Crimes of the Future' film berria aurkeztuko du Donostiako Zinemaldian.
David Cronenberg (Toronto, 1943) zuzendari eta gidoilari kanadarrak Donostia Sarietako bat jasoko du 70. Donostiako Zinemaldian. Ohorezko sari nagusia emango dio irailaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian egingo den emanaldian. Saria banatu ondoren, bere film berria emango dute: Crimes of the Future. Viggo Mortensen, Lea Seydoux eta Kristen Stewart protagonista dituen pelikula, Cannesko azken zinema-jaialdian parte hartu zuena.
Cronenbergek hogei bat film luze zuzendu ditu, eta horien artean, nabarmentzekoak dira hainbat generotako –zientzia fikzioko, beldurrezko filmetako, drama psikologikoen generoko eta thrilleretako– klasiko bihurtu diren obrak. Halaber, telebistarako lan ugari ere sortu ditu.
2004an, Donostia Zinemaldiak Crash (1996) eman zuen Incorrect@s atzerabegirakoaren esparruan, eta hiru urte geroago, Cronenbergek lehen aldiz bisitatu zuen Donostia (oraingoz, ez da hirira itzuli), Eastern Promises (2007) filmarekin Sail Ofiziala inauguratzera eta bertan lehiatzera etorri zenean. Beraz, Donostia Saria jaso duten zuzendarien zerrendan sartuko da kanadarra aurten; besteak beste, Francis Ford Coppola, Woody Allen, Oliver Stone, Agnes Varda, Hirokazu Koreeda eta Costa-Gavras dira zerrenda horretako zinemagile nabarmengarrienetakoak.
Piano-jotzaile baten eta idazle baten semea, David Cronenberg liburu eta komikiz inguratuta hazi zen, eta kultura eta zinemagatiko bere interesa oinarritu zuen horrek. Autodidakta, bere lehen lanak film laburrak –esaterako, Transfer (1966) eta From the Drain (1967)– izan ziren, eta horien ondoren, lehen film luzeak zuzentzen hasi zen, esperimentalak denak, hala nola Stereo (1969) eta Crimes of the Future (1970); azken honen izenburuak bere azken filmaren izenburuarekin bat egiten du. Lehen obra horietan jada ikusten ziren egilearen filmografia ezaugarrituko zuten nolakotasunak: gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa, eta abar.