Egiako Subizi gauak ehunka lagun elkartu ditu Plaza Haundin, suaren inguruan
Jendetza elkartu zen atzo Egiako Plaza Haundin, San Joan bezpera ospatzeko. Trumoi eta tximistei aurre egin, eta arratsaldean hasi zuten festa tortila lehiaketarekin; ondoren, afari-merienda egin zuten eta giroa alaitzeko erromeria ere ez zen falta izan Imanol eta Eneritz trikitilariekin.
Ohiturak agintzen duen gisan, lore-sorten banaketa ere egin zuten 21:30ean. Diotenez, San Joan bezperako lore-sortek naturaren indarra jasotzen dute, eta etxean gordez gero, sorgin eta izpiritu gaiztoengandik babesten gaituzte. Lore-sorta landare desberdinez osatuta egon ohi da: usaina duen lorea (arrosa edo mihilua); fruitua ematen duen landarea (urteko uzta oparoa izan dadin, galburua, arto landarearen zatia, babarrun edo patata hostoa erabili ohi da); basoko landare edo zuhaitz hostoak: garoa edo lizarra; San Joan lorea: bitxilorea da Gipuzkoan. Gainera lurraldeko herri askotan erramua ere jartzen diote, osagai magiko garrantzitsua baita.
Lore-banaketaren ostean, haur eta gaztetxoek ontzi dantza egin zuten aterpean, euria ari zuelako. Baina eguraldi txarrak ez zuen jaia gelditu. Abesbatzaren saioaren ostean, irrintziak eta adarraren soinua izan ziren protagonistak, eta, segidan, 22:30ak inguruan, auzoko sorginak Plaza Haundiko goiko partetik jaitsi ziren plazaren erdigunera, argi-zuziekin eta erratzekin, Mikel Laboaren Baga, biga, higa abestiaren laguntzaz. Jarraian, Xabi Solanoren Erre zenituzten abestia dantzatu zuten, eta kalejira erraldoi bat ere egin zuten.
Amaitzeko, etxeko gaztetxoenek ikasturte honetan egindako etxeko lanak erre zituzten sutan, ilusio eta gogo biziz.