Euleneko etxez etxeko laguntzaile eta garbitzaile grebalariek protesta egin dute enpresaren aurrean
Greba egiten ari diren Eulen enpresako langileek protesta egin dute ostiral goizean enpresak Antiguan duen egoitzaren aurrean, lan hitzarmen duin baten alde. Hain zuzen ere, greba mugagabean daude Pasaiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko zentroetako garbitzaileak: “Biak ala biak, zaintza lanetan gertatu ohi den moduan, sektore feminizatuak ez ezik ikusezin egindakoak eta are prekarioagoak dira eta, beraz, lan hauen guztien aitortza ekonomiko, politiko eta soziala helburu, gaurkoan elkarrekin mobilizatu dira enpresaren aurrean”, azaldu du LAB sindikatuko Maddi Arrietak.
Zehazki, “lan hitzarmen duina” aldarrikatzen ari dira euren grebarekin, “erosketa ahalmena bermatzeko eta langileen beharretara egokitzen diren ezinbesteko hobekuntzak lortzeko”. Langileek protesta egin duten bitartean, Eulenekoek egoitza itxi behar izan dute.