Frantziako enperatriza hirian
Donostiak betidanik izan ditu bisitari aristokratikoak, baina 1920ko uztailean hiriak izan zuen bisita ezohikoa izan zen, Frantziako enperatriz ohia trenean iritsi baitzen, baina hilkutxa batean sartuta.

Askorentzat erabat ezezaguna izango da izen hau: Eugenia de Montijo (Granada, Espainia, 1826-Madril, Espainia, 1920). Ordea, garrantzi historiko esanguratsua izan zuen Frantzian, herrialdeko enperatriza izan baitzen, Napoleon III.arekin ezkondu zelako. 1853tik 1870era arte izan zen enperatriz.
Segur aski, aristokrata askoren moduan, bere bizitzan zehar hainbat aldiz bisitatu zuen Donostia, oporrak pasatzeko. Ordea, XX. mendea hasi berritan, bisita ezohiko bat egin zuen De Montijok, edo, hobeto esanda, bere gorpuak.
Heriotza
1920ko uztailaren 11n zendu zen, Madrilen, Liriako jauregian; izan ere, 1870ean Napoleon III.a tronugabetu zutenetik, tarteka Madrilen bizi ohi zen. Hil ostean, Parisera eraman zuten trenean, Albako eta Peñarandako dukeek, Tamamesko eta Santoñako dukesek eta Tebako kondeak osatutako segizio batekin batera. Saint Michaelgo abadian (Farnborough, Ingalaterra) lurperatu zuten ondoren.
Ordea, trena ez zen zuzenean Pariseraino joan, uztailaren 16ko goizean geldialdia egin baitzuen Donostian, La Voz de Guipuzcoa hedabideak uztailaren 17an argitaratu zuenez; Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak Donostiando blogean istorioa berreskuratu zuen 2020an.
Garaiko agintari asko eta zenbait pertsona ezagun bildu ziren tren geltokian, gorpuari ongietorria emateko: «Orozco kapitain jenerala; Alfau jenerala, gobernadore zibila, Pedro Zaragueta alkatea, aldundiko presidentea, Artzain Onaren katedraleko artzipreste Irizar jauna eta «gizarte donostiarreko eta kolonia udatiarreko ordezkari ospetsuak».
Musika banda bat ere bazegoen, eta trena iritsi zenean, errege martxa jo zuen, agintariek segizioko kideei doluminak ematen zizkieten bitartean. Hilkutxa zeraman bagoia ireki zuten, eta Irizar artzipresteak errespontsua otoiztu zuen. Segidan, bagoia berriz itxi zuten, eta trenak Pariserako bidea hartu zuen, musika bandak errege martxa errepikatzen zuen bitartean.
Horrela, De Montijok behin betiko esan zion agur Donostiari; ez, ordea, aristokraziak.