Metroaren Bentaberriko geltokia amaituta, Mirakontxa-Easo tartearen txanda da orain
Lanak amaitzeak obrek iraun duten bitartean okupatutako 10.000 metroak hiriari itzultzea ahalbidetuko du. Mirakontxa-Easo tartean, bi ahoetatik egindako hondeaketa-lanak aurreikusitakoaren arabera jarraitzen du.
Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, amaitu ditu topoaren trenbide-saihesbideko Lugaritz-Mirakontxa tarteko obrak, urbanizazioaren azken ukituak eta trenbidearen muntaketa eta katenaria izan ezik. Azken hori, gaur egun gauzatzen ari den Mirakontxa-Easo tartearekin batera egingo da.
Bentaberriko geltokia erabat amaituta dago, bai obra zibilari, bai sarbide mekanizatuei (eskailerak eta igogailuak) dagokienez. Trenbideak eta katenariak eta aurrerago egingo diren instalazioen erremateak falta dira. Hauek bigarren zatiarekin batera egingo dira. Geltokian sartzeko, kiroldegiaren ondoan, Xalbador Bertsolaria kalean, dagoen ahoa (121 m) edo Bentaberri plazako kanoia (146 m) erabili beharko dira.
Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Bentaberriko etorkizuneko geltokira egindako bisitaren ondoren azaldu duenez, “tarte horretan obrak amaitzea Donostiari eta bertako biztanleei ia 10.000 metro karratu itzultzea ahalbidetuko du”. Hemendik aurrera, Antiguako eta Bentaberriko sarbide berriek, igogailuak eta aireztapen putzuek izango duten segurtasun hesira mugatuko dira okupazioak.
Duela bi astetik, Snohetta norvegiar estudioak diseinatutako markesina dago bertan. “Koral antzeko altzairu herdoilgaitzezko itsas egitura tridimentsional” batean oinarriturikoa dela adierazi dute, bi aldeetatik beira xafla finez estalia
Lugaritz eta Mirakontxa arteko tarteak 2.140 metroko luzera du eta 83 metroko sakonerara iristen da gehienez. Hondeatutako lurren guztizko bolumena 166.000 metro kubikokoa da.
Mirakontxa-Easo tartea
Hondartzaren aurrealdean, 200 metro falta dira geltokira iristeko, “errendimenduak oso ona” duela dio Arriolak: “Sei metroko tarteetan egingo dugu aurrera. Injekzioak dituen lursaila da, eta faseka zulatzen ari gara, Itsasertzetako Zuzendaritzak eta Cedexek onartutako proiektuan zehaztuta dagoen bezala”.
Bitartean, Eason egongo den geltokian, talde teknikoak enkofratuak eramateko orga muntatzen ari dira, behin betiko hormigoizko egiturazko estaldura gauzatzeko.