Tradizioz beteriko jaiak ospatuko dituzte Altzan
Ekaineko azken egunekin batera, iritsi dira Altzara San Martzial jaiak, eta Altza gainan jai giroa izango da nagusi. Sanmartzialak bere horretan asteazkenean hasiko badira ere, gaur eta bihar berotuko dituzte motorrak.
Garai ez hain urrun batean, Altza baserri eremu bat zen, eta orduko baserri giroa gero eta gehiago apaltzen ari bada ere, Altza gainak berezko izaera hori berreskuratzen du urtean behin, San Martzial jaietan.
Pandemiaren eraginez azken bi urteotan jaiak ospatzerik izan ez badute ere, aurten, Altzatarra Kirol Elkartekoak buru-belarri aritu dira lanean, Altzak merezi dituen jaiak antolatzeko. «Bi urtez geldirik egon ostean, eromena izan da. Gainera, badago jaietan parte hartzeko prest dagoen jendea, baina badago oraindik beldurra duen jendea ere. Egitaraua osatu dugu, orain ea nola doazen jaiak!», dio elkarteko presidente Alfonso Martinezek.
Horrela ere, zailtasun nagusia aurrekontua izan dela gaineratu du elkarteko kide Iñaki Aginagak: «Aurrekontuaren %90 Altzatarra elkartetik ateratzen da, gu garelako afariak eta bestelako jarduerak antolatzen ditugunak, udalak ematen digun diru laguntza txikia osatzeko dirua biltzeko. Elkartea geldirik egon da bi urteotan, eta beraz, ez du diru sarrera handirik izan. Horrela ere, zuzendaritzatik ahal dugun guztia eta gehiago egiten ari gara jaiak aurrera eramateko».
Auzoko saltokientzat, tabernentzat eta bestelako establezimenduentzat ere urte zailak izan badira ere, jaiak antolatzeko euren babesa izan dutela nabarmendu dute biek. «Saltokiek ere eskertu digute gu beraiekin gogoratzea jaietarako», gehitu du Aginagak.
Gaur hasiko dira
Zailtasunak zailtasun, egitarau zabala osatzea lortu dute Altzatarrakoek, eta jaiak berez asteazkenean hasiko badira ere, gaur eta bihar motorrak berotzeko jarduerak antolatu dituzte. «Elkarteko pilotarien txapelketako finala eta azken hilabeteotan elkartean jokatu dugun mus txapelketako finala ditugu gaur», azaldu du Martinezek.
Bihar, aldiz, goizean goiz hasiko dira, 09:00etan: «Baserriz baserri joango gara erromerian, jaietako egitaraua banatzera. Polita izan ohi da, suziriak botatzen eta trikitilariekin joaten garelako, eta askotan haurrak ere etortzen dira gurekin. Gainera, baserri bakoitzean geldialdia egiten dugu, beti ateratzen digutelako jateko eta edateko zerbait. Baserritarrei poz handia ematen die gure bisitak».
Asteazkenetik igandera
Asteburu honetan motorrak berotu ondoren, astearte arratsaldean Altza gainako errepide nagusia itxiko dute, eta auzoa jaiena izango da igandeko gauerdira arte.
Boloekin eta toka txapelketarekin hasiko dira asteazkenean, eta Eslaba maisuaren Salbea izango dute ondoren parrokian: «Oso tradizionala da Salbea, eta jende asko joan ohi da ikustera, bai zaharrak eta bai gazteak», esan du Aginagak. Ondoren, danborrada joko dute, eta auzokoentzat oso garrantzitsua den San Martzial ereserkia abestuko dute gauerdian, San Martzial egunari ongietorria emateko.
San Martzial egunean meza, frontenis txapelketa eta buruhandiak izango dituzte auzoan, eta uztailaren 1ean haurren eta erretiratuen eguna egingo dute, egun osoko egitarau zabalarekin: marrazki lehiaketa, toka txapelketa, patata tortilla lehiaketa, euskal dantza emanaldia, Zirika Zirkus taldearen antzerki emanaldia, txokolate jana, buruhandiak, apar festa eta Yakovlev 42 eta El Exterminio de la raza del mono rock taldeen kontzertuak izango dituzte, azken horiek «auzoan zarata pixka bat sortu dezaten», Aginagaren esanetan.
Hala ere, Altzatarrakoek nabarmendu dutenez, uztailaren 2a, Santa Ixabel eguna, izaten da bereziena, Baserritarren Eguna izaten delako: «Lehen indartsuagoa izan ohi zen, diru gehiago zegoelako, baina bueno. Idi demak eta bertsolariak izango ditugu goizean eta arratsaldean, sagardo lehiaketa, pilota partidak, bazkaria, eta abar. Larunbata izanda, aurten giro handia izango da ziur», dio Aginagak. Gaur egun, halako jarduerak Donostiako leku gutxitan ikus daitezkeela gogorarazi du Martinezek: «Igeldoko jaiak eta gureak dira Donostian baserri giroko jarduerak mantentzen dituzten bakarrak».
Berritasun gisa, jaien azken egunean, uztailaren 3an, ASGINCER minbiziaren aurkako elkartearen azoka solidarioa izango dute: «Baimena eskatu ziguten, eta baietz esan genien, noski; beraiek antolatu dute, eta askotariko produktuak izango dira salgai», azaldu du Martinezek.
Horrez gain, Sagardo Eguna egingo dute igande arratsaldean: «Jaiak horrekin amaituko dira, eta ziur jende ugarik hartuko duela parte. Igandea izanda, bakoitzak ikusiko du zenbat luzatu nahi duen arratsaldea [barrez]». Sanmartzialetarako «gogo handiz» daude Altzakoak, baina Donostian horren ohikoa den kezka agertu dute: «Urtero euria egiten du jaietako egunen batean… Ea eguraldiak errespetatzen gaituen!».